Mikel Aginagalde

Euskaltzaleen bilgune mende laurdenez

Euskaltzaleen Topaguneak 25 urte luzeko ibilbidea bete du aurten, euskararen alde jarduten eta euskara sostengatzen duten elkarte ugariren bilgune izaten. Mugarriaz harro, etorkizuneko erronkak zehazten hasiak dira dagoeneko.

Donostian egindako 25. urteurrenaren ospakizunean, Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarte euskaltzaleetako kideak elkartu ziren, baita gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak ere.
Donostian egindako 25. urteurrenaren ospakizunean, Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarte euskaltzaleetako kideak elkartu ziren, baita gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak ere. (NAIZ)

Urriaren 7an Donostiako Aquariumean egindako 25. urteurrenaren ospakizunean Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarte euskaltzaleetako kideak elkartu ziren, baita gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak ere. Era berean, Topagunearen lehendakari izandako Joxemari Muxikak, Karmen Irizarrek, Elena Lakak eta Mikel Irizarrek ere hartu zuten parte, eta azken urteetan bizitako testigantzak partekatu zituzten Donostian bildutakoekin.

Egun hartan eginiko adierazpenetan, bestalde, argi utzi nahi izan zuten Topagunea osatzen duen euskara elkarteen mugimenduak ekarpen garrantzitsua egin dezakeela aurrerantzean euskara sustatzeko eta indartzeko lanean. Izan ere, mugimenduaren helburu nagusiak ez dira kasik aldatu haren sorreratik gaurdaino. Euskaltzaleen Topaguneak bi xede nagusi ditu: batetik, herrietako euskaltzaleak antolatzea, eta bestetik, euskal hiztun komunitateak euskaraz bizi ahal izateko tresnak sortzea, euskararentzako espazioak zein funtzioak irabaziz.

Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariaren eta Jasone Mendizabal federazioko zuzendariaren arabera, esan bezala, euskararen erabileran jauzi bat ematea da datozen urteetan lortu beharreko helburua. Hala, emaitzak erdiesten hasteko eta mugimenduak egin beharreko ekarpen nahiz eraldaketen inguruan hausnartzeko biltzar bat egiteko asmoa dute 2023 urtean zehar.

Euskara elkarteak «elkartu»

Mende amaieran sortu zen Euskaltzaleen Topagunea; 1996an, hain justu. Une horretan jadanik baziren euskara elkarte anitz Euskal Herrian, eta topaguneak guzti horiek elkartu eta egituratu zituen. Gaur egun, ehunka elkarte eta euskaltzale taldek osatzen duten mugimendu zabal eta anitza da. Euskal Herriko jendartearen parte hartzea ardatz izanik, makina bat eratako egitasmoak antolatzen ditu.

Esan bezala, euskararen erabilera erdigunean izango duten jarduerak sortzen ditu Euskaltzaleen Topaguneak, betiere euskararen erabileran eragitea xede izanik, eta hiztunek bizitzako eremu ezberdinak euskaraz garatu ahal izateko egitasmoak bultzatuz. Izan ere, euskal hiztunak non, euskara elkarteak han! da euren leloetako bat.

Aipatu ekimen horiek, bestalde, arloka antolatzen dituzte. Besteak beste, aisialdia, aniztasuna, hedabideak, kulturgintza, mintzapraktika edota sentsibilizazioa bezalako eremuetan eragin nahi du Euskaltzaleen Topaguneak. Hala, euskarak ahalik eta presentzia sozial handiena edukitzea ziurtatu asmo dute.