NAIZ

Euskararen Legeak duela 40 urte lortutako adostasuna goraipatu du Lakuak

Lakuako Gobernuak Euskararen Legeak 40 urte bete dituela gogoratu du larunbat honetan, Euskararen Egunean, Gasteizen ospatutako ekitaldi batekin. Bide batez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta hiriburuetako udalekin adierazpen bat adostu du.

Gasteizko Europa Jauregian ospatu dute Euskararen Legearen 40. urteurrena.
Gasteizko Europa Jauregian ospatu dute Euskararen Legearen 40. urteurrena. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizen ospatutako ekitaldi batean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 40 urte bete dituela gogoratu du Lakuako Gobernuak larunbat honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean. 

Sara Cozar eta Kepa Errasti aktoreek gidatuta, eta Janus Lesterren musikak lagunduta denboran zehar bidaia bat proposatu du ekitaldiak. Euskararen Lege bezala ezaguna dena 1982an onartu zen eta ekitaldian sorreran parte hartu zutenei omenaldia egin diete. Horrela, Europa Jauregian Pedro Miguel Etxenike, Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate salburu ohiek lekukotzak partekatu dituzte. 

Bide berrietan egiten ari den ibilbideaz hitz egin du, berriz, Paul Urkijo zinegileak. Legearen sorreran parte hartu zuten legebiltzarkide ohiei omenaldia egiteko ere baliatu da ekitaldia.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, berrogei urte bete dituen legea «landu, onartu eta bideratu zutenen ausardi demokratikoa ospatzen dugu. Ospatzearekin batera, gorazarrea ere egin nahi diegu euskararen aldeko lanari etorkizun oparo baten bidea zabaldu zioten haiei. Ikuspegi, sentiberatasun eta joera desberdinetakoak lankide bihurtzeko ausardia izan zuten».

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, azken 50 urteotako bidea «oso garrantzitsua» izan da euskararentzat eta euskal hiztunontzat: «Esango nuke inoiz izan duen goien gradura ekarri duela euskal erkidegoak gure hizkuntza. Egindako bideak, baina, eginkizun dagoena erakusten digu. Aurrera jarraitzeko aukeran gaude, eta alde ditugu egindako guztia, erakundeen babesa, herritarren atxikimendua eta akordioek ematen duten adostasuna».

Zupiriaz gain, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidentea eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izan dira beste agintari eta euskalgintzako ordezkari batzuekin batera.

Adierazpena

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek eta Lakuako Gobernuak adierazpen bat adostu dute. ‘Adostasunetik, etorkizunaren giltzarri’ izenburupean adierazpenak legearen oinarria adostasuna izan zela aldarrikatu nahi dute.

«Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza», dio adierazpenak.