NAIZ

Hezkuntza Legerako hiru eskaera jasotzen dituen adierazpen bat aurkeztu dute 221 adituk

‘Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz’ adierazpena aurkeztu dute larunbat honetan, Euskararen Egunean, Bilbon. EAEko Hezkuntza Legeari zuzendutako hiru eskaera zehatz jasotzen ditu, eta hezkuntza, kultura eta euskararen munduko 211 aditu eta pertsona ezagunek eman diote atxikimendua.

«Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz» adierazpena aurkeztu dute Bilbon Euskararen Egunean. Hezkuntza, kultura eta euskararen munduko 211 aditu eta pertsona ezagunek eman diote atxikimendua.
«Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz» adierazpena aurkeztu dute Bilbon Euskararen Egunean. Hezkuntza, kultura eta euskararen munduko 211 aditu eta pertsona ezagunek eman diote atxikimendua. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Larunbat honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean, EAEko Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru neurri azaltzen dituen ‘Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz’ adierazpena aurkeztu dute Bilbon. Testuak 211 aditu, sortzaile eta profesionalen atxikimendu jaso du, tartean ikastola eta eskoletako irakasle eta zuzendariak, hezkuntzan adituak, unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, idazleak, aktoreak, musikariak, bertsolariak, hizkuntzalariak, hezitzaileak eta hainbat esparrutako teknikariak.

Honakoak dira hiru eskaera zehatzak: «Euskara ikas- eta irakas- hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa; euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea».

Adierazpenari atxikimendua eman diotenen artean daude, besteak beste, Iñaki Goirizelaia, Amelia Barquin, Nerea Mujika, Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Iñigo Etxezarreta, Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze.

Ekimena aurkezteko agerraldian izan dira, sinatzaileen izenean, Aitziber Martinez de Lagos, Ane Sarasketa, Asier Etxenike, Gaizka Arrizabalaga, Gotzon Barandiaran, Gurutze Ezkurdia, Idurre Alonso, Idurre Eskisabel, Jon Artatxo, Joxe Mari Sors eta Zuriñe Zorrozua. Iratxe Retolaza EHUko irakasleak eta Leire Vargas idazleak irakurri dute testua.

Atxikimendua emateko aukera

Adierazpena sustatu duen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere izan da, eta gogoratu du urriaren 10ean, euskalgintzak, hezkuntza komunitatearen erakunde garrantzitsuenek eta gehiengo sindikalak ekarpen bateratua aurkeztu ziotela legeari. Oraingoan, aldiz, proposamen zehatza eta laburra aurkeztu dela azaldu du, ez Kontseiluarena, baizik eta hainbat aditu eta sortzailerekin jorratutakoa.

Bi elementu erantsi ditu Kontseiluko eledunak. Batetik, igande honetatik aurrera nahi duen orok aukera izango duela dokumentuari atxikitzeko Kontseiluaren webgunearen bidez (www.kontseilua.eus), eta bestetik, honakoa beste urrats bat izan dela. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu lege berriak hiru neurri horiek jaso ditzan. Ikusiko dugu zer jasotzen den Eusko Legebiltzarrari aurkezten zaion proposamenean, baina erantzukizunez eta determinazioz jokatzeko asmoa dugu, adierazpenari lotzen zaizkion herritarrekin batera», azaldu du Paul Bilbaok.

Euskara, hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua

Adierazpenean jasotzen denez, euskarak behar du izan hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua. «Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria».

Nabarmendutako bertze puntu bat honakoa da: «Ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte kohesiorako elementua baita. Tansmisioak bi lan ildo sinkronizatu behar ditu: alde batetik, euskarazko kulturgintzaren historia eta orainaren ezagutza, eta bestetik, euskaraz sortzeko grina transmititzea askotariko kultur adierazpideetako ereduak jasota eta praktikatuta».

Ekimenaren bultzatzaileek ez dute ahazten euskal kulturgintza ekosistema bat dela, hainbat eragilek osatzen dutena (sortzaileak, hedabideak, hezkuntza komunitatea...), eta ekosistema hori osasuntsu egon dadin, eragile horiek guztiek elkar elikatu behar dutela azpimarratzen dute testuan. «Hezkuntza legeak dagozkion bi eremu hauetan bermatu behar ditu euskalduntzea eta kulturaren transmisioa: hezkuntza arautuan eta ez arautuan», diote.