NAIZ

Iritsi da elurra, eta abisu horiak daude Araba eta Nafarroan

Hilabete luzeetako beroaldian urrun ikusten genuen, ezinezko ia, baina ailegatu zaigu txanoa eta eskularruak janzteko sasoia. Mendi punta batzuk zurituta ageri dira eta abisu horia ezarri dute Nafarroa eta Araban. Mara-mara ari du elurra, toki batzuetan 700 metrotik behera ere bai.

Azazeta, zurituta.
Azazeta, zurituta. (Endika PORTILLO | FOKU)

Negu usaina du asteburu honek. Urteko zubirik luzeena abisu horiarekin hasi du Nafarroak. Pirinioan, bost zentimetro arteko elurra dago iragarrita 1.300 metrotik goiti. Araban, elurragatik bakarrik ez izotzagatik ere jarri dute martxan abisu horia. Gasteizen eta Guardian zeropeko tenperaturak espero dituzte.

Erreniegako tontorrean mara-mara ari du elurra. Hala ari da kontatzen @MutilvaMeteo bere twitter kontuan.

 

  

 

Iruñean, 10 minutuan 4,2 gradutik 2,9 gradura jaitsi da tenperatura, eta euria gero eta susmagarriagoa da, 450 metrora malutaren batekin, Meteo Navarrak berri eman duenez.

 

 

Errepidean tentuz ibiltzeko deia

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, herrialdearen iparraldeko elurrak direla-eta beharrezkoa da kateak erabiltzea NA-2011 errepidean, Salazar eta Ipar Euskal Herriaren artean, eta baita NA-2012an ere, Otsagabiatik Iratira.

Kontuz gidatzeko eskatu du Exekutiboak, 800 eta 1.000 metro artean elurra iragarria dagoelako.

Izotza ere bai

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, -1 graduko gutxieneko tenperaturak aurreikusten dituzte Araban. Horregatik, astelehenera arte luzatu dute abisu horia.

Larunbat osoan egonen da martxan abisu horia Araban, 700 eta 1.000 metro artean kokatu baita elur maila. Prezipitazio arinak daude iragarrita, tarteka mardulagoak, bereziki Kantauri isurialdeko mendebaldean. Gauerako atertzera joko duela espero dute, eta Bizkaian ekaitzen bat leher daitekeela ohartarazi dute, kostaldean batez ere.

Igandean, gauerdia eta goizeko hamarrak bitartean egonen dira abisua horian Araban, tenperatura baxuengatik eta hormagatik. Toki batzuetan izotz arina espero dute. Astelehenean, ordutegi berean errepikatuko dute abisua. Lainoa ere izanen dela iragarri dute, trinkoa txoko batzuetan.