Arnaitz Gorriti

Turkiatik Euroligako sailkapeneko gorengo puntan dela atera da Saski Baskonia (70-76)

Bigarren erdian sufritzea tokatu bazaio ere, aurreneko erdian erakustaldia eman ondoren irabazi dio talde gasteiztarrak Fenerbahçe Euroligako liderrari. Pierria Henryk, bidaia luzearen nekea gainean izan arren, arabarren jokoa kontrolpea mantendu du.

Markus Howard, beste behin Baskoniako onenen artean izan da.
Markus Howard, beste behin Baskoniako onenen artean izan da. (@SASKI BASKONIA)

FENERBAHÇE 70 - SASKI BASKONIA 76

Etxetik kanpo nola moldatuko ote zen galdezka joan zen Saski Baskonia Kanariar Irletara eta Turkia buruan, eta astebeteren buruan, etxetik kanpo lanak bikain eginda itzuliko da Gasteiza. Eta hori gutxi ez eta, Euroligako sailkapeneko goiko erpinean dela aterako da Istanbultik, dagoeneko bederatzigarren garaipena aldean duela. Egia da atsedenaldiaz geroztik sufritzea egokitu zaiola, eta bistan da 20 minutu horietan orotara 24 puntu baino ez baititu sartu, 9 azken laurdenean. Alabaina, aurreneko erdian emandako erakustaldia eta gero, 27-48 aurretik izan baita, azken minutuetan partida gobernatu ahal izan du.

Zentzu horretan, Pierria Henryren lana azpimarratu behar da. Partidako jokalari onena Markus Howard izan dela izendatu du Euroligak, baina Henryren lana ezin da aipatu gabe utzi, ostegun gauean oraindik AEBetatik Turkiarako hegazkin bidaia egiten ari zela aintzat hartuta. Virginiako antolatzaileak aurreneko erdian erotu egin du bere talde ohia, batez ere erdi distantziako jaurtiketa horiekin, eta bigarren erdian, apunteria galdu arren, buru hotza eta patxada eman dio, batez ere aurkaria lauzpabost puntura hurbildu den orduan.

«Taldea ongi prestatzen da dagozkion partidetarako. Berdin dio zeinek jokatzen duen, bakoitzak zerbait ematen baitio taldeari. Hortarako prestatzen gara eta horra hor emaitza», adierazi du partida amaitu ostean Markus Howardek.

Arazoen gainetik, buruan beti

Zenbait arazori aurre egin behar izan dio Baskoniak partida oraindik hasiberri zela. Berehala egin ditu bi falta Daulton Hommesek. Hori eta defentsako errebotea itxi ezinik ibiltzea izan dira gasteiztarren arazorik nagusienak aurreneko minutuetan. Aldiz, asteazkenean Anadolu Efes ez bezala, Fenerbahçek bota duen ia guztia huts egin du hasiera horretan, nahiz eta Saski Baskoniak ez duen behar adina baliatu aurkariaren apunteria falta.

Alabaina, aurreneko hutsartearen ostean martxa hartu du talde arabarrak. Defentsan Darius Thompson oso fin aritu da, asteazkenean pertsonalekin izan zuen arazorik gabe, eta hala, Peñarroyaren taldeak korrika egin eta saskiratze errazak lortzeko bidea aurkitu du. Hori batetik, bestetik Matt Costellok bere aurreneko urrutiko jaurtiketak asmatu baititu. Hala, 10-17 aurreratu da Saski Baskonia, aurreneko laurdena 13-21 amaitzea lortuz, Pierria Henry eta Markus Howarden aurreneko saskiratzeei esker.

Gasteiztarrak 13-26 ere aurreratu dira, Kotsar eta Sedekerskisen eskutik, baina justu orduan etorri da Fenerbahçeren susperraldia. Carsen Edwards antolatzaile ordezkoa kantxara sartzeaz bat, turkiarrek hiru hiruko kateatu dotuzte eta Baskoniak, aldiz, baloi pare bat opari eman dituzte. Bada, Joan Peñarroyak partidari izotza bota nahi izan dio markagailua 22-26 jarri delarik.

Gasteiztarren erauntsia

Ezinhobeto etorri zaio hutsartea Baskoniari, 0-10ko partziala lortu baitu aitaren batean, Markus Howardek aurreneko hirukoak sartuz, taldekideen defentsa onari jarraitutasuna emanda. Halako susperraldiaren ostean, Dmitris Itoudis bera izan da partida eten behar izan duena, 22-36ko emaitza sinetsi ezinda.

Baina Baskoniaren erauntsia ez da hor eten. Pierria Henry ez da bereziki saskiratzailea, baina bolada aparta harrapatu du, eta Maik Kotsar estoniarrak defentsan egin duen lan apartas erasoan ere borobildu ahal izan du, batez ere pibotak birrin dezan Darius Thompsonen opari eman dion asistentzia baten ostean. Hala, tartean Marinkovicen hiruko bat iritsi eta gero, 27-48 aurreratu da talde gasteiztarra. Eta eskerrak etxekoentzat Mahmutoglou kapitainak lau puntu segidan sartu dituela –Hommesen hirugarren faltarekin, epaileei protesta egiteagatik falta teknikoa adierazi diote–eta–.

Nolanahi, Saski Baskoniak gogoak emandako moduan gobernatu du partida atsedenaldira bidean eta Steven Enochen birrintze batekin 33-52 amaitu da aurreneko erdia. «Partida ez da oraindik amaitu, beraiek ez baitute etsiko. Segi egin behar dugu», iritzi dio Pierria Henryk aldageletara bidean eskaini duen elkarrizketa laburrean.

Sufritzen irabazi behar

Askoz gogorrago ekin dio Fenerbahçek partidari atsedenaldiua eta gero, eta Saski Baskoniak apunteria galdu du. Jekiri eta calathesen eskutik, saskitik oso hurbil jaurtiketa errazak aurkitu ditu talde turkiarrak eta horren ondorioz, 12-4ko partziala lortzeaz gain, Maik Kotsarri hiru falta atera dizkio. Markagailua 45-56 jarri delarik, Joan Peñarroyak partida geratu behar izan du.

Hala ere, oraingo honetan hutsarteak ez du ezer onik ekarri. aldiz, Mehli Mahmutoglou Fenerbahçeren kapitaina azaldu da partidari gatza eta piperra emateko. Gudurik eskolta serbiarrarekin batera, 56-60raino hurbildu dira turkiarrak, eta orduan estuasunak!

Zorionez, Dmitris Itoudisek Gudurik eta Mahmutoglouri atsedena eman behar izan die eta beren ordezkoek ez dute hainbeste asmatu. aldiz, Saski Baskoniak 0-7ko partizala erdietsita itxi du hirugarren laurdena, Sedekerskis eta batez ere Markus Howarden eskutik. Hala, markagailua 56-67 dela iritsi da partida azken hamar minutuetara.

Are gehiago gogortu da neurketa azken laurdenean. Talde bietako defentsek ez dute luzimendurako tarte handirik laga, baina «lokatzetan» ere moldatu da Saski Baskonia. Fenerbahçek bost falta egin dituen Guduric galdu du azken txanopa honetan eta horrek mesede galanta egin dio talde arabarrari, jaurtitzaile onena galdu baitu etxeko taldeak.

Asmatu ezinik ibili da, hala ere, Baskonia, eta jaurtiketa libreen marratik amaitu behar izan du dema. Ez kosta gabe, baina azkenean, Fenerbahçeren azken orduko ahaleginak ahalegin, partida kontrolpean amaitu du Joan Peñarroyaren taldeak. Zentzu horretan hiru antolatzaileak –Thompson, Henry eta Howard– eta Hommes zein Costello kantxara ateratzea ideia oso ona izan da.

Badu zer hobetua Saski Baskoniak, baina era berean, ez dirudi uneotan Euroligan ere aurkari asko izan daitezkeenik gasteiztarrei kilimak egiteko gaitasuna dutenik. Hori ez genuen aspaldian ikusi, eta pozgarria da benetan.

PARTIDAKO FITXA:

FENERBAHÇE: Calathes (11), Guduric (14), Birsen (2), Hayes-Davis (2) eta Jekiri (12) –hasierako bostekoa–, Pierre (8), Edwards (10), Mahmutoglou (11), Akpinar eta Booker.

SASKI BASKONIA: Thompson (4), Marinkovic (5), Enoch (9), Hommes (2) eta Giedraitis –hasierako bostekoa–, Henry (15), Sedekerskis (8), Howard (13), Kotsar (10) eta Costello (10).

Epaileak: Ryzhyk, Vilius eta Nedovic. Marko Guduric egotzi dute. Daulton Hommesi falta teknikoa adierazi diote. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 13-21, 20-31, 23-15, 14-9.

Gorabeherak: Pierria Henry jokora itzuli da, asteazkeneko partidara iritsi ezinik egon eta gero, eta omenaldia egin dio Fenerbahçek, iaz talde hortako jokalari izan eta gero. Bere lekuan Diez geratu da deialditik at.