Andoni Arabaolaza

Fernanda Macielek Antartikako Vinson mendia 6 ordu eta 40 minutuan igo du

42 urteko ultrarunner brasildarrak errekor berria ezarri du hego poloan dagoen mendi garaienean (4.892 m). Igoera horretan -45ºko tenperaturei aurre egin behar izan zien.

Fernanda Macielek trail running-ak dituen muturreko distantzietan izen handia du. Hortaz gain, mendi garaiak igo eta jaisten espezialista bikaina da. ‘Fastest Known Time’ (ezagutzen den denbora azkarrena) kontzeptua oso barneratua du, eta, gainera, erakutsi du gizonezko korrikalarien pare dabilela. FKT-ko jarduerei dagokienez, adibidez, Aconcaguan (6.962 m) eta Kilimanjaron (5.895 m) errekor berriak ezarri zituen 2016 eta 2017. urteetan, hurrenez hurren.

Duela gutxi, berriz, beste urrats bat egin eta Antartikako mendi garaienean, Vinson mendian (4.892 m), denbora ikaragarri ona egin du. Hego poloko mendi hori igotzeko soilik 6 ordu eta 40 minutu behar izan zituen. Nahiz eta hego hemisferioan udaran dauden, kontuan hartu behar da Vinson mendia Hego polotik 1.200 kilometrora baino ez dagoela.

Udaran egin du jarduera hori, baina muturreko baldintzak izan zitun: -45º-ko tenperatura. Hotz ikaragarri horren ondorioz, betaurrekoak izoztu zitzaizkion eta garaierarekin arazoak izan zituen. Hori gutxi ez eta, gailurretik gertu, ertz arriskutsu batean, kranpoi bat konpondu behar izan zuen.

Korrikalari zein mendizale brasildarraren jarduera 11:30ean hasi zen. Ondoan, sona handiko korrikalari bat zuen: Sam Hennessey. -25ºko tenperatura zuten, eta lehen bederatzi kilometroak running-eko zapatilekin egin zituen. Mendiaren oinarrian zela, botak jarri eta lehen aldatsetan sartu zen: «Banekien Vinsonen marka berria ezartzeko ezin nuela minutu bat bera ere galdu. Onartu behar dut aktibitate hau erronka eroa dela. Antartika inguru oso isolatua da eta mendi oso zorrotzak ditu. Horrek guztiak asko erakartzen nau».

6 ordu eta 40 minutu, hori da errekor berria. Baina beste bat ere erdietsi zuen. Igoera eta jaitsiera lotzeko 9 ordu eta 41 minutu. Dagoeneko, bi errekor horiek ofizialak egin dira.

«Hotz ikaragarria»

Antartikako xede hau prestatzen ari zela, ultrarunner brasildarrak ezbehar emozional baten berri izan zuen: lagun min Hilaree Nelsonen heriotza. Alpinista hori Manaslun zendu zen.

Vinson mendian bizi izan zuen eskarmentuaren inguruan zera adierazi du: «Abentura psikologiko eta fisiko oso zorrotza izan da. Garaierarekin asko sufritu nuen, eta egiten zuen hotza eroa zen: -30 eta -50º artekoa. Ibilbideari dagokionez, une jakin batzuetan aldats pikoak gainditu behar izan nituen. Hortaz gain, arrokazko sekzio batzuk aurreikusitakoa bainoa zailagoak izan ziren. Mendiak dituen zailtasun teknikoak direla-eta, Sam-ekin joatera derrigortuta egon nintzen. Oso dibertigarria izan zen Sam ondoan egotea. Erritmo oso altua eraman genuen. Tarte piko batzuetan soka finkoak zeuden, eta azkar eta seguru joateko oso lagungarriak izan ziren. Adibidez, erabiltzen den goiko kanpalekua eta tontorra lotzeko 7 kilometro daude. Ez dira batere samurrak. Izan ere, 40ºko aldatsak eta ertz arriskutsu bat gainditu behar dira».

Igoera horretan errekor berria ezarri eta gero, Maciel prest zegoen jaitsiera azkar bat egiteko. Hala ere, onartu du muturreko baldintzek ez ziotela lagundu. Gailurrean zela, tenperatura -45ºkoa zen. Baina, oro har, igoera osoa oso hotza izan zen: «Une jakin batzuetan shock egoeran egon nintzen. Energia xahutzen joan zen, baina Manaslun izan nuen nire azken esperientziak asko lagundu ninduen. Ez nuen arazorik izan jaitsieran, eta egin dudana ikaragarria izan da: Vinson mendian igo eta jaitsi korrika egin duen gizabanako bakarra naiz. Niretzako amets bat da muturreko baldintza horiei aurre egitea. Hotz horrekin landaretzarik ez dago. Dena da ezberdin: zuria, lainoak oso gertu, eguzkia egun osoan, lasaitasuna, urrutiko lekua… Kontraste horiek oso gustuko ditut, eta asko laguntzen didate nire gaitasunak hobetzeko».

Errekor handi horiek «bizkar-zakuan» gorde eta gero, brasildarrak aurreratu du hurrengo helburua berezia izango dela oso. Macielek baieztatu du Everest mendia jomugan duela.