NAIZ

Latinoamerika da, Mexiko buru, kazetarientzat herrialderik hilgarriena

Latinoamerika, Mexiko buru zela, munduko eskualderik hilgarriena izan zen kazetarientzat iaz, Kazetarien Babeserako Batzordeak –CPJ, ingelesezko siglak– asteazken honetan argitaratu duen 2022ko txostenaren arabera.

Margarito Martinez kazetari mexikarraren alarguna, hilketaren lehenengo urteurrenean.
Margarito Martinez kazetari mexikarraren alarguna, hilketaren lehenengo urteurrenean. (Guillermo ARIAS | AFP)

Guztira Latinoamerikako 30 kazetari hil ziren iaz bortizki, mundu osoan hil diren 67 kazetarietatik ia erdia. Soilik Ukrainak, hildako 15 kazetariekin, gainditzen du Mexikoko kopurua, 13 hildakorekin, eta Haitik jarraitzen dio, non zazpi informatzaile hil zituzten.

67 hildako horiek %50eko igoera ekarri dute aurreko urtetik, eta 2018tik izandako kopururik altuena da, «prentsa askatasunaren gainbehera nabarmena adierazten duena», esan du Jodie Ginsberg CPJko presidenteak txostenaren berri eman duen oharrean.

«Politika, krimena eta ustelkeriaren berri ematea eskala handiko gerra baten berri ematea bezain hilgarria edo hilgarriagoa izan daiteke», hausnartu du Ginsbergek, Ukrainako hildakoak munduko gainerako herrialdeetakoekin alderatzean.

67 kazetariak indarkeriaz hil badira ere, CPJk zehaztu du jakin badakiela horietako 41 «beren lanarekin lotura zuzena izanda» zendu zirela, eta beste 26 heriotzen arrazoiak ikertzen ari direla.

Tokiko hedabideetan

Xehetasun garrantzitsu bat da biktima gehienek beren komunitateen berri ematen duten tokiko hedabideentzat lan egiten zutela, eta horrek, dirudienez, defentsa gabezia handiagoa erakusten du. Hori izan da Filipinetako kasua, tokiko irratietako lau kazetari hil baitziren herrialde horretan.

Heriotza bortitzak ez dira arazo bakarra: «Mundu osoko gobernuek kazetari kopuru errekorra kartzelatzen jarraitze dute, eta ez diete aurre egiten indarkeriaren zurrunbiloari eta inpunitatearen kulturari».

Errekorrak Mexiko eta Haitin

Mexikon dokumentatutako hamahiru hildakoak urte bakar batean herrialde horretako kopururik larriena dira: horietatik hiru mehatxuen ondorioz hil zituzten, «delinkuentziaren eta politikaren estalduragatik»; beste hamarren kausak ikertzen ari dira, baina agian ez dira inoiz ezagutzera emango «indarkeria eta zigorgabetasuna ezaugarri dituen herrialdean». Azken 30 urteotan 151 kazetari hil dituzte Mexikon.

Txostenak dioenez, kazetariak babesten dituzten erakundeak eta legeak daude Mexikon, baina informatzaileak «onik mantentzeko eraginkorrak ez direla erakutsi dute», eta Maria Guadalupe Lourdes Maldonadoren kasua aipatzen du, Tijuanan tiroz hil baitzuten, Kalifornia Behereko babes mekanismo baten pean zegoen arren.

Haitin zazpi kazetari hil dituzte. Batzordearen arabera, horietako bi, gutxienez, polizia indarren eskuetan hil ziren.

Brasil, Txile eta Kolonbia ere agertzen dira kazetarien hilketen kasuen artean, eta Rafael Emiro Moreno Garavito kolonbiarraren kasua azpimarratzen da, ‘Voces de Córdoba’ egunkari independentean narkotrafikoa eta ustelkeria politikoa salatzeagatik jatetxe batean hil zutena.