Jon Ormazabal

Bidasoaz bi aldeko txapelketak elkartu eta urte osoko zesta-punta liga bateratua antolatu dute

Euskal kirolean aurrekaririk ez duen pausu honekin Gernika, Donibane Lohitzune, Biarritz eta Paueko lehiaketek bat egingo dute eta denboraldia fase amaierako txapelketa batekin bukatuko da. Antolatzaileek «mugarritzat» jo dute lortutakoa, orain arte «zatituta» egon baita zesta-punta. 

 

Gernika, Biarritz, Donibane Lohitzune eta Paueko ordezkariek liga berria aurkeztu dute Gernikan.
Gernika, Biarritz, Donibane Lohitzune eta Paueko ordezkariek liga berria aurkeztu dute Gernikan. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Zesta-punta bizitzen ari den biziberritze fase honetan, mugarria izan daitekeen ekimen baten berri eman dute gaur Gernikan. Izan ere, orain arte horren zatitua izan den kirol honek batasunerako urrats garrantzitsua eman du, Bidasoaz iparraldera eta hegoaldera, bakoitza bere aldetik, ziren pilotaleku eta txapelketa prestigiotsuak batuko dituen «Jai Alai Leaguea» sortuz. Bi aldeetan aritu diren pilotariak berak ziren arren, bi kirol sistema ezberdinetan lehiatzen aritu dira, baina gaur aurkeztutako akordioaren ondoren, historian lehen aldiz, liga bakar bat osatuko dute txapelketa nagusiek.

Akordio historiko honekin, kirol honen hazkundearentzat ikusten zen oztoporik handienari aurre egin nahi izan zaio eta liga bateratuarekin urte guztia hartuko duen egutegi bat izango da, puntuazio eta ranking bateratu batekin. Lau txapelketa hauek osatuko dute liga: Gernikako Winter Seriesek, Donibane Lohizuneko Nazioarteko Torneoak, Miarritzeko Urrezko Xisterak eta Paueko Kopak. Gainera, pilotari onenak fase amaierarako txapelketarako sailkatuko dira. Dagoeneko Jai Alai League  errealitate bat da, Eraman Jai Alai (Gernika), Iparraldeko frontoi nagusiak –Donibane Lohitzune eta Biarritz– eta Paue batzen dituena.

Gernikako Winter Seriesak bere finalerdiak jokatuko dituen egunean, akordio hori aurkeztu dute astelehen honetan Gaizka Muniategi eta Zigor Etxeberria (Eraman Jai Alai), Frédéric Cadet eta Michel Billac (Donibane Lohitzune), Lilou Echeverria (Biarritz) eta Jean Marc Olharan (Pau), lau frontoi garrantzitsu hauetako ordezkariak.

Antolatzaileek «mugarritzat» jo dute liga bateratua sortu izana, eta «pauso historikotzat» dute lortutakoa. Izan ere, haien ustetan, orain arte  «zatitua» egon da zesta-punta: «Alde batetik, Iparraldeko frontoi eta txapelketa prestigiotsuak jokatu dira, eta bestetik, Hegoaldekoak. Mugaren alde batean eta bestean lehiatu diren pilotariak, berriz, berdinak izan dira, baina bi kirol sistema ezberdinetan jokatzen aritu dira. Zesta-puntaren hazkundearentzat horixe izan da oztoporik handiena, eta orain, akordio historiko horrekin, liga bateratu bat sortu dute».

Bateratze historikoa

Aurretik ere azpiko lan itzela egina zen arren, ukaezina da urtebetean Gernikako Winter Series txapelketak ikusgarritasun handia eman diola zesta-puntari eta Euskal Herri osoko zaleak joaten dira astelehenero Gernikara. Hala ere, hori ez da berria Iparraldean. Hamarkadak daramatzate frontoiak betetzen. Biarritzeko Urrezko Xisterak 46 edizio ditu eta historia eta pisu handikoa da Iparraldeko gizartean. Antzeko gertatzen da Donibane-Lohitzuneko Nazioarteko txapelketekin ere. 25.000 zaletik gora batzen dituzte uda bakoitzean, uztaileko eta abuztuko partidetan. Paueko frontoi bikaina azkenik, 2006an eraikitakoa da. Frantziako zirkuituan hirugarren zutabea da eta urtez urte pisu handiagoa ari da hartzen zesta-puntaren mapan.

2021. urtean bat egin zuten Donibane Lohitzuneko, Biarritzeko eta Paueko frontoiek, Summer League-a sortuz. Orduz geroztik zirkuitu bakarra osatzen dute Donibaneko Nazioartekoek (Internationaux), Biarritzeko Urrezko Xisterak (Gant D’Or) eta Paueko Kopak (Pau Cup). Orain hiru hauekin bat egiten du Gernikako Winter Seriesak, denen artean Jai Alai League berria sortuz.

Gauzak horrela, 2023 denboraldiak lau txapelketa nagusi izango ditu eta Gernikan momentu honetan jokatzen ari diren Winter Seriesko partidek Jai Alai Leaguerako puntuatzen ari dira jada. Liga honetako txapelketa guztiek izango dute puntuaketa sistema bera eta horren arabera ranking bat osatuko da. Sailkapen hori aintzat hartuta, Jai Alai Leagueren azken fasea jokatuko da urte amaieran, ranking-eko pilotari onenekin. Azken fase hori Hegoaldean jokatuko da urte amaieran.

Antolatzaileen iritziz, «Iparraldearen eta Hegoaldearen batuketak zesta-puntaren potentziala biderkatzen du. Bi lehiaketek bat egin ondoren, txapelketa hauen oihartzun mediatikoa are gehiago zabalduko da. Hegoaldeko zesta puntari, Iparraldeko atea irekitzen dio honek eta baita frantziar Estatukoa ere, Pauko frontoia ere tartean izanik. Summer Leagueko txapelketek berriz, berebiziko garrantzia izango dute Hegoaldeko agendan». «Etorkizunera begira, kirola sendotzeko eta hazteko aukerak zabaltzen ditu honek», gaineratu dute.

Pro-Am txapelketak sendotu

Jai Alai League sortzeaz gain, bigarren mailako Pro-Am txapelketak ere sustatuko dituztela aurreratu dute. Eraman Jai Alai enpresak, aurten aurrenekoz, Winter Pro-Am txapelketa antolatu du.

Bide horretan pausu berriak eman nahi dituzte orain eta Iparraldean oso sendotuta dago Pro-Tour zirkuitua, profesional eta amateurrek nahastuta jokatzen dutena, eredu hartuta, bide horretan jarraitu nahi dute. Txapelketa hauek funtsezkoak dira jokalari gazteek mailaz igo eta jauzi profesionala errazago eman dezaten.