NAIZ

Mobilizazioak asteburu honetan, Maulen eta Donibane Garazin, erretreten erreformaren aurka

Erretreten erreformari ezetz esateko elkarretaratzeak eginen dituzte asteburu honetan Donibane Garazin eta Maulen. Intersindikalak otsailaren 7rako eta 11rako deituriko mobilizazio orokorra babesteaz gain, Irun eta Hendaia artean martxa antolatu du, berriz, hilaren 8rako LAB sindikatuak.

CGT eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten, ostegun arratsaldean, erreforma salatzeko, Hendaian.
CGT eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten, ostegun arratsaldean, erreforma salatzeko, Hendaian. (Naiz)

Erretreten erreformari ezetz esateko mobilizazio berriak eginen dituzte asteburu honetan Ipar Euskal Herrian. Donibane Garazin eta Maulen elkarretaratzeak antolatu dituzte, larunbatean. Zuberoako hiriburuan hitzordua 11:00etan da Gurutze Xurian. Nafarroa Behereko hiriburuan, berriz, elkarretaratzea deitua da, tenore berean, Herriko Etxearen aitzinean.

Erretreten erreformaren kontrako tokiko borroka batzordeak sustatu ditu aipaturiko protestak. Esku-orri batean azaldu duenez, Borne erreforma bidegabekoa da «emazteekiko eta lanbide dorpeen aurrean»; alferrikakoa da «erretreten sistemaren finantzamendua ez baita lanjeran»; bortitza da «etorkizuneko erretretadunek 2023ko irailetik goiti jasango dutelako, eta, demokraziaren ikuspuntutuk zalantzak sortzeaz gain berdintasun gabekoa bada ere, irabaziak, dibidenduak eta dirudun handiak izugarri goratzen direnean» aukeztu duelako Emmanuel Macronen Gobernuak 62 urtetik 64 urtetara erretiro adina gibelatuko duen lege-proposamena.

LAB sindikatuak baita ELB laborarien sindikatuak ere erretreten erreforma arbuiatzeko xede bi hiriburutan deituriko protestetan parte hartzeko deia zabaldu dute.

Oroitzearren, urtarrilaren 31an izan den mobilizazio arrakastatsuaren ondoren otsailaren 7rako eta 11rako mobilizazio orokor berriak iragarri zituen intersindikalak.

Hitzordu horiek babestearekin batera LAB sindikatuak martxa bat antolatuko du, otsailaren 8an, asteazkenarekin, Irun eta Hendaia artean. ‘Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez’ lema astinduko du LABek martxa horretan.

11.00etan Lapurdiko herriko tren geltokitik abiatuko da azken urteetan frantziar zein espainiar Estatuetan izan diren murrizketak salatzeko protesta.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak agerraldia eskaini zuen joan zen astelehenean, sindikatu abertzaleak bi estatuetako erretreten erreformei buruz egiten duen irakurketa plazaratzeko.

Emmanuel Macronen Gobernuak iragarritako erreformari dagokionez, Aranburuk nabarmendu zuen «sistema publikoaren aurkako eraso zuzena» dela, erretiroa hartzeko legezko adina handitzen duelako eta pentsioak jasotzeko baldintzak gogortzen dituelako.

Erretreten erreformari buruzko eztabaida heldu den astelehenan hasiko da frantses Asanblea Nazionalean. Orotara 20.270 emendakin aurkeztu dizkiete talde politikoek lege-egitasmoari, horietatik 16.000 Nupes ezkerreko aliantza osatzen duten alderdienak direla.