NAIZ

Necolek, partida iraulita, bere lehendabiziko txapela irabazi du Buruz Burukoan

Ibai Perezek lehendabiziko bi setak irabazi ditu baina hirugarrengoan nekeak erabat harrapatu dio eta Dan Necolek eraman du 9-10eko markagailu estuarekin. Ordutik, partida erabat urdin bilakatu da eta frantziarrak bere lehen txapela irabazi du Buruz Burukoan (10-4, 10-8, 9-10, 5-10 eta 8-10).

Ibai Perez, gorriz, eta Dan Necol, txapelarekin, Bizkaia pilotalekuko podiumean.
Ibai Perez, gorriz, eta Dan Necol, txapelarekin, Bizkaia pilotalekuko podiumean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Atzetik aurrera joan da Dan Necol. Aurretik atzera, bestalde, Ibai Perez. Nekeak sekulako eragina izan du Sestaoko pilotariarengan eta galdu egin duen hirugarren set estu baten ondotik, gainbeheran joan da bizkaitarra. Fisikoki nagusi izan da frantziarra eta, tarteka akats batzuk egin dituen arren, laugarren eta bosgarren setak ere bereganatu ditu (10-4, 10-8, 9-10, 5-10 eta 8-10). Bilboko Bizkaia pilotalekuak, ezbairik gabe, emozio handiko finala bizi izan du, gozagarria bertan batu diren zaletuentzako. 

Ibai Perezek eskuekin igurtzi du bere hirugarren txapela Banakakoan. Lehen bi setak nagusitasunez irabazita –batez ere lehendabizikoa–, 9-9 berdinketa ezarri du hirugarrenean, fisikoa huts egiten hasi denean teknikari zukua ateraz. Baina hirugarren setean oinak ahultzen joan zaizkio, puntuek eduki duten exijentzia dela-eta. Necolek alde batetik bestera eta aurretik atzera mugiarazi du bizkaitarra, nekatu asmoz, eta modu batean lortu du.

Perezek ez du amore eman eta arriskuak hartuta, markagailuan gertutik jarraitu dio frantziarrari, kontziente hirugarren seta galduz gero, beste biak irabaztea are zailago izango zuela. Tantoa alde eduki du hirugarrena irabazi eta, hain zuzen ere, Buruz Buruko bere hirugarren txapela janzteko baina Dan Necolek zabalera sekulako pilota jaurti du eta ezinezkoa izan zaio Perezi.

2-0etik 2-1era pasa da partida eta oraindik frantziarrak ere lan asko egiteke zituen arren, kolorez aldatu da lehia. Are gehiago, Perezek laugarrengoan erakutsi duen ezintasunak. Teknikak salbatu dio baina buruarekin «ezetz» esaten jarraitzen zuen, ezintasunaren sintoma argia. Hala, laugarrenean amore eman eta indar guztiak set erabakigarrenean jartzeko hautua egin du, bitartean arnasa hartuz.

Gaizki hasi du azken seta, 0-1ekoa egin baitu Necolek. Nolanahi ere, trebetasunean onena da Perez. Hala nabarmentzen zuen frantziarrak berak ere material aukeraketan. Fisikoa huts egiten hasten denean ere, «gertutik zaindu» beharreko pilotaria dela, alegia. Ohartu orduko, aginte makila hartu du Sestaokoak (6-3) eta partida bere alde jarri du. 8-6 ere jarri da bizkaitarra. Necolen lehendabiziko finala zen Buruz Burukoan eta esperientzia falta horrek akats batzuk egitera eraman du, behar ez zituen opariak eginda Perezi.

Azken txanpan, baina, Perezek ezin izan du loria ukitu eta Necolek, lau tanto jarraian eginda, bosgarren set erabakigarria bereganatu du bere lehendabiziko txapela janzteko.