NAIZ

COMFIN koordinakundeak jaso du Nafarroako 2023ko Berdinna Saria

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinakundeari eman dio Berdinna sariarekin, berdintasun politikak eta emakumeen ahalduntze kolektiboa bultzatzen laguntzeagatik

COMFINen baitan ospatutako topaketa baten irudia.
COMFINen baitan ospatutako topaketa baten irudia. (COMFIN)

Nafarroako Gobernuak Berdinna 2023 Saria Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinakundeari (COMFIN) ematea erabaki du gaur, «emakumeen elkarteen arteko lankidetzaren bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen laguntzeagatik eta berdintasuna sustatzeko politiketan zein horiek hobetzeko duen eraginarengatik».

Sari hori Foru Gobernuak sortu zuen 2018an, eta haren helburua da Nafarroan berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jarduna publikoki txalotzea. Saria 3.000 euro dira eta martxoaren 8an emango da, Emakumearen Nazioarteko Egunean.

Gobernuak aipatzen dituen merezimenduen artean, lurralde osoan duen presentzia eta feminismo intersekzionala daude, emakumeei eragiten dieten askotariko diskriminazioak kontuan hartzen dituena, hala nola adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, desgaitasuna edo orientazio sexuala.

Era berean, parte hartzera, ahalduntzera, prestakuntzara, hausnarketara, dibulgaziora eta sareak sortzera bideratutako jarduerak aintzatesten ditu, taldeko erronkei heltzeko eta agenda feminista bultzatzeko. Gobernuak azpimarratu duenez, COMFIN Nafarroako aldaketarako eragilea da, gizarte inklusibo eta berdintasunezkoa lortzeko bidean aletxoa jartzen duelako.

Nafarroa osoko erakundeak bat eginda

COMFINek 41 erakunde biltzen ditu, Nafarroa osoan lankidetza feministako sareak sortzen dituztenak, eta 2012an sortu zen orduko Nafarroako Berdintasun eta Familia Institutuaren bultzadarekin, mugimendu feminista indartzeko eta emakumeak ahalduntzeko bitarteko gisa.

Bere ibilbidean Ibilbide Morea sustatu du –ehun emakume elkarte baino gehiago ezagutzeko aukera ematen duen tresna birtuala–; jardueren programazioan laguntzeko Jardunbide Egokien Bankua jarri du martxan; Topaketa Moreak sustatzen ditu, urteroko hausnarketarako gunea; eta berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztearekin lotutako elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzen du, bai eta eskubideak aldarrikatzen edo egiturazko desberdintasunaz edo ekintza klimatikoaz ohartarazten ere.

Eremu politiko eta instituzionalean, berdintasunean aurrerapenak bultzatzen ditu batzorde parlamentarioetan parte hartuz; proposamenak helarazten ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatzean; eta ekarpenak egiten dizkio Berdintasunerako Plan Estrategikoari.

Gainera, Zainketen aldeko Foru Ituna sinatu du, eta ekarpenak egin ditu hainbat partaidetza-prozesutan.