Maite Ubiria

Pentsioen sistema propioa aldarrikatu du LABek Hendaia eta Irun lotu dituen martxan

Hendaiako tren geltokia eta Irungo Ficoba erakustazoka lotu ditu LABek antolatu duen martxak. Estatuek inposaturiko murrizketei aurre eginez Euskal Herrian pentsioen sistema propioa eraikitzeko hautua baieztatu du sindikatu abertzaleak.

Sindikatu abertzaleak antolaturiko martxa Irungo Ficoba erakustakozaren biribilgunean.
Sindikatu abertzaleak antolaturiko martxa Irungo Ficoba erakustakozaren biribilgunean. (Guillaume FAUVEAU)

«Euskal Herrian lan egin, kotizatu, erabaki» lelopean 200dik gora lagunek parte hartu dute gaur goizean Hendaia eta Irun artean LABek antolatu duen mobilizazioan.

Goizeko 11.00ak jota abiatu da martxa Hendaiako tren geltokitik, «Hemen kotizatu, hemen erabaki» edo «Soldata eta pentsio duinak» oihu artean Santiago zubirako norabidea hartuta.

Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan adirazpenak egin dituzte Igor Arroyok eta Argitxu Dufauk.

Ipar Euskal Herrian azkeneko hiru asteotan suspertu den erretreten ereformaren aurkako mugimendua izan du aipagai LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkariak.

Erretiro adina bi urtez gibelatzea aurreikusten duen egitasmoa Asanblea Nazionalean eztabaidatzen ari den unean «proposamen antisozial hori» bertan behera uztea galdetu du.

«Erreforma honek egungo banaketa sistema  apurtzen du, gure pentsioak indibidualizatzeko, pribatizatzeko; Finean sistema publikoa ahultzen du kapitala indartzeko» agerian jarri du Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuaren bozeramaleak.

Ipar Euskal Herriko karrikak astindu dituzten mobilizazioetan LABek defendatu duen mezuarekin bat eginez oinarrizko pentsioa gutxieneko soldataren araberakoa izatea galdetzen zuten afixak erakutsi dituzte manifestariek gaurko martxan.

Ipar Euskal Herrian, LABek 60 urterekin erretiratzeko adina defendatzen du, eta 37,5
urteko kotizazioa pentsio osoa kobratzeko eskubidea, gutxienez SMICa erreferentziatzat hartuta.

Hego Euskal Herrian indarrean diren aldarrikapenak oroitaraziz 1.260 euroko oinarrizko pentsioa eta 1.400 euroko oinarrizko soldataren aldeko mezuak erakutsi dituzte beste hainbat manifestarik. Gaurkoan mugaz gaindi borrokak lotuz.

LAB sindikatuko koordinatzaile orokor den Igor Arroyok nabarmendu duenez Frantziako Gobernuak ezarri nahi dituen neurrien antzekoak ezarri ditu Espainiako Gobernuak.

Arroyok oroitarazi duenez, erretiro adina 67 urtera atzeratu da espainiar Estatuan eta pentsioak kalkulatzeko epealdia zabaldu dute baitaere. Finean aldaketa horien helburua «pentsioen zenbatekoa murriztea dela» salatu du.

«Ekonomia blokeatu beharko da»

Heldu den larunbatean Baionan izanen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatuz, oharra egin du Dufauk Irungo Ficoban eginiko amaiera ekimenean.

«Badakigu manifestazio horiek ez direla nahikoa eta ekonomika blokeatu beharko dela erreforma hori gelditzeko», adierazi du Dufauk, ondoko asteetan erretreten erreformaren aurkako mugimenduak har dezakeen ibilbide berria irudikatuz.

Dagoeneko erregaien findegietan zein unibertsitateetan hainbat blokeo ekimen martxan eman dituzte aste honetan frantses Estatuan.

LABeko koordinatzaile orokorrak goraipatu du Hego zein Ipar Euskal Herrian erretreten defentsan abian den mobilizazio dinamina.

Hala, LAB sindikatuak pentsioen etorkizuna bermatzeko bi hautu egiten dituela argitu du.

Alde batetik, beste sindikatuekin batera edo ekimen propioak garatuz, estatuek indarrean eman nahi dituzten murrizketen aurrean mobilizatzen jarraitzeko deia egin du.

Bi estatuek baliatzen dituzte guraizeak

Izan ere, «bi estatuek, finean, eredu berbera defendatzen dutenez eta haien menpe izango garen bitartean guraizeak erabiltzeko prest izango direla jakin badakigunez», Euskal Herrian pentsiodunak babestuko dituen eredua eraikitzeko prozesua azkartzeko beharra defendatu du.

Egungo egoeran, Estatuak finkaturiko pentsio kopurua euskal erakundeetatik osagarritzearen alde azaldu da Arroyo, beti ere modu iraunkorrean Euskal Herrian pentsio duinak bermatuko dituen sistema antolatzeko helburua alboratu gabe.