NAIZ

Eguibar Munduko Kopako sailkapen nagusian lider jarri da gaur Sierra Nevadan zilarra lortuta

Larunbatean urrea lortu bazuen, igande honetan beste domina bat irabazi du donostiarrak, zilarrezkoa alegia. Bestalde, Alvaro Romero snowboarderrak sailkapena gainditu du gaur, baina ez ditu final-zortzirenak igaro, hirugarren izan baita bere txandan.

Lucas Eguibarrek sekulako asteburua bizi du Sierra Nevadan.
Lucas Eguibarrek sekulako asteburua bizi du Sierra Nevadan. (BASQUE TEAM)

Lucas Eguibarrek asteburua biribildu du igande honetan. Gertaerak ezin hobeak izan dira Sierra Nevadan. Donostiarra podiumera igo da bi egunetan, eta urrezko eta zilarrezko domina bana eskuratu ditu. Larunbatean lortutako 100 puntuek, gaurko 80 puntuei gehituta, Munduko Kopako sailkapen nagusiko lidergoan jartzen dute gipuzkoarra 312 punturekin. Loan Bozzolo frantziarra da bigarren 305ekin eta Omar Visintin italiarra hirugarren 295ekin. Esperientzia hori 2015ean bizi izan zuen Eguibarrek, garaikurra irabazi zuenean.

Igande honetako erronka ez zen batere erraza, atzoko lasterketan pilatutako nekea, eta gaurko proba ordubete beranduago jokatzeagatik elurra egoera ezberdinean zegoela aintzat hartuta. Lasterketa astunagoa izan da gaur, ez hain azkarra, baina Eguibar podiumera igo da, senide eta lagunez inguratuta.

Final-zortzirenetako zazpigarren txandan lehiatzen hasi da. Bere lehen txanda horretan hiru tarte kronometratuetan azkarrena izan da, eta oso iritsiera estua izan du Ken Vuagnoux frantziarrarekin, serie horretan Bernat Ribera eta Jake Vedder kanpoan utzita.

Final-laurdenak ere nahiko erosoak izan dira Eguibarrentzat. David Pickl austriarraren erorikoak jaitsiera baldintzatu du. Ken Vuagnoux frantziarrak austriarraren gainetik salto eginda, ahal zuen moduan, atzean utzi du, baina kanporatu egin dute. Lucas Eguibar, aurrealdean, eroso jaitsi da. Bera eta Glenn de Blois holandarra pasa dira finalerdietara.

Finalerdian donostiarra atzean geratu da lehen bihurgunean baina ikusgarria izan da nola aldatu duen txandaren norabidea laugarren postutik bigarrenera pasatzeko. Kanporaketa, zirraragarria, photo-finishean erabaki da. Loan Bozzolo frantziarra helmugaratu da lehen postuan, eta Eguibar atzetik. Omar Visintin eskarmentuduna eta Glenn de Blois kanpoan geratu dira.

Finalean, Lucas Eguibarrek hiru aurkari bikain izan ditu aurrez aurre: Kalle Koblet suitzarra, eta Loan Bozzolo eta Merlin Surget frantziarrak. Gipuzkoarra bigarren kokatu da irteeran, baina lehenengo bihurgunean lehenengo jartzeko gai izan da. Jauzian Kobletek gainditu du, baina Eguibarrek ez du arriskatu nahi izan eta bigarren postua ziurtatu du sailkapen nagusiari begira.

Irati Idiakezek eta Raquel Martinezek urrea lortu dute la Molinan. (FEDDF)

Irati Idiakez, urrea taldekakoan

Albiste bikainak iritsi zaizkigu baita ere La Molinatik. Bertan, Irati Idiakez snowboarder riderrak urrezko domina kolkoratu du taldekako proba egokituan Raquel Martinezekin batera. Larunbatean euskaldunak zilarra lortu zuen estazio berean, banakakoan.

Zaleek Snowboard Cross Team Event proba espero dute beti eta honek ez du hutsik egin. Talde bakoitza bi kirolariz osaturik dago. Gaurko finalean, Raquel Martinez bigarren izan da, Poloniako lehiakidearen atzetik. Hala ere, lasterketa bikain batean, Irati Idiakezek bere aurkaria gainditzea lortu du, lehenengo postuan sartu da diferentzia nabarmenarekin eta urrea kolkoratu du taldekidearekon batera.

«Oso emozionatuta gaude domina honekin, gehienbat taldeka lortzeagatik. Elkarrekin entrenatzen dugu eta oso ondo ulertzen gara elkarrekin; beraz, domina hau konpartitzea eta lehenengo garaipen hau lortzea benetan berezia da», adierazi dute irabazleek.

Monika Kotzian eta Natalia Siuba-Jarosz poloniarrak bigarren izan dira, eta Darian Haynes eta Rebecca Johnston estatubatuarrak, hirugarren.