NAIZ

Lucas Eguibarrek zilarra eskuratu du Munduko Kopako sailkapen nagusian

Donostiako riderrak laugarren bukatu du Mt. St. Anneko bigarren proban eta, hala, sailkapen nagusiko podiumera itzuli da, 2016an lortutako hirugarren postuaren ostean.

Lucas Eguibar, zilarrezko dominarekin.
Lucas Eguibar, zilarrezko dominarekin. (BASQUE TEAM)

2022-2023 denboraldian Kristalezko Globoaren jabearen izena ez da azken hasperenera arte erabaki. Irabazteko hautagai nagusiek ez dute amore eman asteburu honetan Mont Sainte Annen (Kanada) jokatu den bigarren proban. Final handian jokatu da bataila erraldoia, Martin Noerl garaile izan duen borroka. Lucas Eguibar laugarren izan da eta, beraz, zilarra eskuratu du Munduko Kopako sailkapen nagusian.

Mt. St. Anneko bigarren Munduko Koparen ondoren, Martin Noerlek 510 puntu lortu ditu. Lucas Eguibarrek Munduko Kopako sailkapen nagusiko bigarren postuan bukatu du 436 punturekin eta podiumeko hirugarren postua Eliot Grondin kanadarrak bereganatu du 399 punturekin.

Lasterketaren aurreko sailkapen txandan, donostiarrak ez du arazo handirik izan Noah Bethonico brasildarra eta Matteo Menconi italiarra gainditzeko. Final-zortzirenetan ere Eguibar izan da onena, Andreas Kroh austriarraren, Glenn de Blois holandarraren eta, berriz ere, Bethonico brasildarraren aurretik. Bestalde, Martin Noerl, Omar Visintin eta Eliot Grondin sailkapen nagusiko aurkari zuzenenek ere kanporaketa hau gainditu dute final-laurdenetara sartzeko.

Fase horretan Lucas Eguibarrek Omar Visintinen aurka jokatu behar izan du, gaurko probaren aurretik sailkapen nagusiko hirugarren postuan zegoenaren aurka. Nahiz eta hirugarren postuan hasi eta kronometratutako bigarren zatian laugarren denbora egin, gipuzkoarra bigarren izan da hirugarren zatian eta horrela amaitu du txanda, Andreas Kroh eta Lukas Pachner austriarrak azken postuetara igaro direla aprobetxatuz.

Lehen finalerdian Kristalezko Globoa irabazteko lehian parte hartu duten izar guztiak bildu dira: Eguibar bera, Martin Noerl, Omar Visintin eta Nick Baumgartner estatubatuarra. Donostiarra aurrean jarri da txandaren hasieran, baina gero postu hori galdu du hirugarren izateko. Bigarren postua Visintin italiarrarekin jokatu du eta oraingoan Eguibar atera da garaile.

Final handiaren irteerako portilloian, Martin Noerl alemaniarra peto gorriarekin, Jake Veder estatubatuarra peto horiarekin, Eliot Grondin kanadarra peto berdearekin eta Lucas Eguibar peto urdinarekin, irrikaz zeuden une erabakigarriaren zain. Eguibar laugarren zen lehen tartean, baina ondoren bigarren izatera pasa da, Noerl aurreratuz. Balentria posible zela zirudien. Gipuzkoarrak arriskatu egin du puntuak urratzeko, baina azken jauzian ezin izan du aurrera egin. Laugarren sailkatu da, Martin Noerl, Jake Vedder eta Eliot Grondin kanadarraren atzetik.

Lucas Eguibarrek Munduko Kopako sailkapen nagusian inoiz lortu duen bigarren emaitzarik onena da aurtengoa. 2015ean Basque Teameko snowboarderrak Kristalezko Globoa irabazi zuen eta 2016an hirugarren izan zen, baina ordutik ez zen berriro podiumera igo sailkapen nagusian.