NAIZ

Nafarroako Gobernuak «indarra galdu» duela eta arduratuta agertu da Uxue Barkos

Uxue Barkos, Nafarroako Gobernurako Geroa Baiko hautagaia, arduratuta agertu da «neurri batean» bere koalizioa Gobernuaren buru zenean honek zuen «indarra eta kemena galdu» duela eta. Gobernu «ausart» baten alde egiteko beharra aldarrikatu du. 

Uxue Barkos, igande honetarako Geroa Baik antolatu duen jardunaldian.
Uxue Barkos, igande honetarako Geroa Baik antolatu duen jardunaldian. (@geroabai)

Uxue Barkos-ek maiatzaren 28ko hauteskundeei begirako Geroa Bairen jardunaldi batzuetan hartu du parte igande honetan eta, bertan, arduratuta agertu da Nafarroako Gobernuak «neurri batean» 2015ean zuen «indarra eta kemena» galdu duela uste baitu. Aurrekanpaina «luze eta bizi» honetan koalizioa «Nafarroako mapa politikoan oinarrizko elementua» dela argi geratzen ari dela aipatu du.

«Politika printzipioekin eta pertsonekin eraikitzen da», hausnartu du Barkos-ek jardunaldietan parte hartu dutenen aurrean, eta zenbait alderdi politikoren printzipio gabeziak «ustelkeri kasuetara» eta «gizarteari zin egin zaionetik banantzera» daramatzatela iritzi du.

Berak ordezkatzen duen koalizioa Gobernuaren buru izan zen urteetan, 2015 eta 2019 artean, eta egun kudeatzen dituzten kontseilaritzetan egindako lana ekarri du gogora, bereziki osasungintza aipatuz. Geroa Bain ez dituztela «hitz hutsak» ez «estrategia eta azken orduko deiak» nahi adierazi du, osasungitza publikoak, bere hitzetan, «iragan den legegintzaldian izan zuen bultzada berreskuratu» behar baitu.

Gizarte zerbitzuekin konpromisoa adierazi eta zerbitzu publikoen eta ongizate estatuaren aldeko defentsa aldarrikatu ditu, eta «ordenatua eta jasangarria izango den garapen ekonomiko bat sortzeko lanabes berrien» beharrean jarri du azpimarra, «garapen ekonomikorik gabe ez baitugu sekula printzipio sozialen garapenik edukiko».

Geroa Baik Nafarroaren pluraltasunaren kontzeptua balio gisa egonkortzea lortu duela uste du Barkosek, baita «berrogehi urtez uko egiten diotenen artean ere». Pluraltasun horrek, gaineratu du, «gure instituzioak are indartsuagoak egiten ditu».

Autogobernua eta konpetentzien eskualdatzeak

Autogobernuari ere egin dio erreferentzia Barkosek. Trafikoa, kartzeletako osasungintza eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren (BGD) transferentziez, esan du «iragan den legegintzaldiko bultzadarik gabe» orain ez litzatekeela transferentzia berrien eskualdatzeez «negoziatzeko inolako anbiziorik» egongo.

«Legegintzaldi honetan, Gobernuaren presidentetzatik, ez da [transferentzia horietako] bat bera ere bultzatu», gaitzetsi du hautagaiak, eta Geroa Baik datorren legegintzaldian, besteren artean, I+D+i eta unibertsitate beken konpetentzien eskualdatzea eskatuko duela iragarri du.

Azpiegituren kasuan, legegintzaldi honetako «zikoizkeri izugarria»-ren aurrean «2015eko bultzada ausarta berreskuratzeko» asmoa erakutsi du.

Funtsean, amaitu du, «Gobernu indartsu eta ausartagoa behar dugu».

Geroa Baik igande honetan antolatu dituen jardunaldiak lan mahai ezberdinak izan ditu eta, horietan, parte hartzaileen proposamenak jaso dira. Proposamen politiko-instituzionalak eta autogobernukoak, politika fiskal eta finantzarioa, kalitatezko lana eta garapen ekonomikoa, trantsizio ekologikoa, tokikotasuna eta lurralde oreka, politika sozialak, etxebizitza eta urbanismoa, osasuna, hezkuntza, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, hizkuntz politika, bakea eta bizikidetza, gazteria, kultura, kirola eta funtzio publikoa eta justizia ataletan banatu dira aipatu lan mahaiak.