
Gipuzkoako Aldundiak Errenteria eta Irun lotuko dituen bidegorriaren egitasmoa aurkeztu zuen joan den astean «mugikortasun iraunkor eta ekologikoarekiko konpromisoaren isla» bezala Rafaela Romeron diputatuaren hitzetan. Eguzki talde ekologistarentzat, ordea, iragarpen hori «Bizikleta Bideen Plaza zer puntutaraino urratu duen isla» dela nabarmendu du.
«Romerok berriz ere jo zuen propagandara egia biribila saihesteko, alegia, Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea, dagoeneko amaituta edo amaitzear egon beharko lukeena, barraskilo-abiaduran doala eta aspaldi-aspalditik dagoela zentzuko edozein epetatik kanpo», salatu du Eguzkik.
«2013an, Batzar Nagusiek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana onartu zuten, aho batez onartu ere. Planaren arabera, Errenteria-Irun bidegorriak 2021etik martxan egon behar zuen. 2023an gaude, ordea, eta oraindik bidegorri-proiektua ere ez dute aurkeztu, azterlana baizik, hau da, proiektuaren aurreko dokumentua. Eta azterlan horrek dio bidegorria eraikitzeko sei urte beharko direla. Beraz, 2021ean martxan behar zuena 2029ra atzeratu dute», gaineratu du talde ekologistak.
«Eta hori kasurik onenean eta optimismo handia izanda, kontuan hartu behar delako Gipuzkoako bidegorriek atzerapenak bata bestearen atzetik metatzen dituztela. Hor dugu, eskualdean bertan, Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiaren adibidea: 2018rako iragarri zuten, baina 2023an gaude, legedintzaldia ere bukatuko da eta oraindik lanik ez. Eta Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiak 270 metro baino ez ditu; atera kontuan zer gerta daitekeen Errenteria eta Irun bitarteko hamar kilometroetan», nabarmendu du.
«Bestalde, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak… Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Errekalde-Galarreta, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola… Bidegorri hauek guztiek (eta askoz gehiagok ere) 2021ean erabiltzeko moduan behar zuten, betiere Planaren arabera. Baina, horrela jarraituz gero, garbi dago zortzi urtetan osatu behar zen Oinarrizko Sarea osatzeko beste hamabost edo hogei urte beharko direla. Eta beharbada motz geratzen ari gara», salatu du.
«Datu hauen argitan, uste dugu nahiko garbi dagoela Errenteria-Irun bidegorriaren azterlana ezin dela inolaz ere ‘lorpentzat’ hartu, ezta mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisoaren islatzat ere. Izan ere, zerbaiten isla bada, Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana zer puntutaraino urratu duen isla da», laburbildu du Eguzkik.

La parte sindical y asindical de la Ertzaintza elevan el tono contra Lakua

Más de mil personas denuncian en Amurrio «el anacronismo» de la condena a Barbado y Zelaia

EP, abierto a favorecer la alcaldía de EH Bildu en diez municipios de Bizkaia y Gipuzkoa

Saint-Pée : un mois de réflexion face à la vente spéculative

EH Bildu es ya la segunda fuerza en el área metropolitana de Bilbo

Asiron destaca que no aceptará en Iruñea vías que excluyan al 27% del electorado

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia ereserki bilakatu dute Hazparneko errugbi jokalariek

Ignacio Ansorena Funtsa, Durangaldeko 10.000 irudi baino gehiagoren legatua
