Iraitz Mateo

Mari Carmenen etxearen enkantea geratzeko eskatu dute Sabadell banketxearen aurrean

Bosson Investimets funtsak enkantean jarri du Mari Carmen donostiarraren etxea; bere alabaren mailegu bat ordaintzeko abal gisa erabili zuen. Alaba mailegua ordaintzeko prest agertu arren, Sabadell banketxeak eta funtsak ezezkoa esan diote. Enkantea geratzeko eskatzeko elkarretaratzea egin dute.

Mari Carmen erdian, etxebizitza enkantean jarri dioten donostiarra.
Mari Carmen erdian, etxebizitza enkantean jarri dioten donostiarra. (Gorka Rubio)

Alokairu Benta Berri, Kaleratezak Stop eta Inquilinos Azora plataformek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Sabadell banketxearen parean, Donostian, Mari Carmen eta bere alaba Vanessaren egoera salatzeko. Alabak negozio bat martxan jartzeko behar zue  55.000 euroko mailegua bere etxearekin abalatu zuen Mari Carmenek; negozioa gaizki atera zen, ordea, eta 2020ko urrian, hipoteka exekuziorako demanda aurkeztu zuen banketxeak. 2022ko udaberrian, Bosson Investiments funtsari saldu zion zuzenean mailegu hori, eta hark, berriki, enkante eskaera egin zuen Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegian.

Mari Carmen eta Vanessa zaurgarritasun egoeran dauden ama-alabak dira; 69 urte beteak ditu lehendabizikoak eta 1.040 euroko alargun pentsioa jasotzen du; alabak, aldiz, ostalaritzan egiten du lan eta adingabeko seme bat du. Elkarretaratzean eskatu dute enkantea gelditzeko, eta bost urteko kadentzia izateko, kuota murriztuarekin, banku jardunbide egokien kodeak ezartzen duen bezala, 19/2022 legeak adierazi bezala hain zuzen ere.

Vanessak azaldu dio NAIZi zein izan den bizitako egoera: «Hasiera batean, lanean garai txar bat izan nuen, eta gutun baten bidez jakinarazi ziguten amaren pisua enbargatuko zigutela; akordio batera iritsi ginen banketxearekin, gutxiago baina ordaintzen jarraitu nuen. Baina konfinamendua iritsi zen, eta lan egiteari utzi behar izan nion eta, ondorioz, ordaintzeari. Beste gutun bat iritsi zitzaigun eta bertan esan ziguten gure mailegua futs putre bati saldu ziotela, eta futs putre horrek zuzenean enkantean jarri duela amaren etxebizitza». Beraiekin ez dutela inolako harremanik izan salatu du Vanessak eta adierazi bera orain arte gutxiago, baina ordaintzen aritu dela. «Hori esan nienean, esan zidaten orain arte ordaindutakoa Sabadelleko nire kontura itzuliko zutela, beraiek ez zutela hartuko».

Orain, bost urteko kadentziara heltzea dute helburu. «Nik ordaintzen jarraitu nahi dut, hasieran proposatutako kantitatea ezin dut ordaindu, baina akordu batera iritsi gaitezke, pertsona zaugarrientzako legeak zehazten duen bezala», gaineratu du.

Etxebizitza eskubide bat dela defendatu dute agerraldian, eta Donostian «pisu turistiko edota luxuzko etxebizitzak» egiten ari direla, «batzuen negozioa» indartzeko. Munduko oligarkia jarri dute jo-puntuan.

Herritarren babesa

Elkarretaratzean etxebizitzaren aldeko eta funts putreen aurkako plataformez gain, sindikatu eta eragile ezberdinek hartu dute parte: CCOO LAB, Steilas, Caritas eta Satorralaiak.

Mahaian Mari Carmenekin eserita Irungo Angel Miguel eta Donostiako Maria Mar eta Ramona zeuden, egoera antzekoan dauden kideak. Beraien etxebizitzekin abalatutako hipoteka-mailegu berankorrak saldu zizkieten banketxeak Promotoria, Zima Finances eta Coral Home funts putreei.

EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ere bertan izan dira, eta azaldu dute prest agertu direla Donostiako Udalak beste batzuetan egin gisara, bitartekari lanak egiteko enkantea eragotzi eta Mari Carmen bere Bidebietako etxean geratzeko.

Maileguen salmenta

Azken urteetako zenbait datu ere mahaigaineratu dituzte. Sabadellek 2018tik orain arte funts putreei mailegu berankorrak saltzeagatik 19.000 milioi euro baino gehiago eskuratu dituela salatu dute: «Eta iaz, gainerako banketxeek bezala, 859 milioiko irabazi historikoak izan zituen».

Funts putreen eragina ere salatu dute: «Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko etxejabe nagusiak dira, etxebizitzaren gaineko hipoteka-maileguen zorroak edukitzeaz gain, alokairuaren merkatua ere kontrolatzen dute, prezioen igoerarekin espekulatuz edo kontratuak ez berrituz». Azora funtsak 2020 urtarrilean Vascongada higiezin enpresaren 320 etxebizitza erosi zituen eta Blackston 320 Donostiako Benta Berriko 520 babes ofizialeko etxeetako bazkide nagusia da, 2018tik.