NAIZ

Erkiaga eta Zabalak irabazi dute Donibane Lohitzuneko Cesta All Star txapelketa

Finala hasi aurretik Txabi Inza hendaiarrak min hartu zuen orkatilean, baieztatzeke dago tendoia hautsita ote duen, eta Theo Labordek ordezkatu zuen. Emakumeetan, Oihana Sorozabal eta Arai Lejardik jantzi zituzten txapelak.

Jon Zabala, garaipena ospatzen.
Jon Zabala, garaipena ospatzen. (CESTA ALL STAR)

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala bizkaitarrek jantzi zituzten ostegun gauez Donibane Lohitzuneko Cesta All Star-eko txapelak finalean Goikoetxea-Laborderi bi setetan gailenduta (12-15 eta 7-15). Ezbehar batek baldintzatuta jokatu zen txapelketako seigarren eta azken jardunaldia, partidaren aurretik izandako orkatileko lesio batek finaletik kanpo utzi baitzuen Txabi Inza hendaiarra. Froga batzuen emaitzaren zain, tendoia hautsirik izan lezake lapurtarrak eta Theo Labordek ordezkatu zuen Goikoetxearen atzelari titularra.

Lehenengo setean estutu zuten Goikoetxeak eta Labordek, 12-15 galdu zuten, baina bigarrenean amore eman eta 7-15 bukatu zen partida. Garaipena eta txapela Aritz Erkiaga eta Jon Zabalarentzat. Gaur Munitibarren jokatuko dute bertako frontoiaren ber-inaugurazioan, Barandika eta Lekerikaren aurka. Jaialdia 19.00etan hasiko da eta lehen partidan Goitia-Del Riok Aaron eta Manziren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Sorozabal-Lejardi nesketan

Emakumezkoen finalean -kasu honetan lau bikotek hartu zuten parte txapelketan- Oihana Sorozabal eta Arai Lejardi gertatu dira txapeldun. Biarritzeko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria nagusi izan ziren finalean, 15-5 eta 15-7 irabazi zieten Ihart Arakistain eta Aude Laugie-ri. Bikote galtzailean Sopelako aurrelariak hartu zuen partidaren ardura baina ezin izan zuen markagailua estutu.