NAIZ

Elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoa uztartu behar dira ENBAren ustez

Eskutik emanda joan beharreko burujabetzak dira energiarena eta elikagaiena ENBAren ustez, horregatik, elikadura burujabetza ere lehenesteko proposamenen txosten bat argitaratu dute. Energia jarduerarako intalazioen kokalekua eta erabili beharreko lurren nolakotasuna zehaztu dituzte besteak beste.

ENBA sindikatuaren pentsaurrekoa
ENBA sindikatuaren pentsaurrekoa (ENBA)

Ostegun goizean aurkeztu du ENBA nekazal sindikatuak energia berriztagarriak oinarri hartuta osatu duten ‘Euskadiko elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoa uztartuz’ txostena. Gipuzkoako eta Bizkaiko presidenteek hitz egin dute, Iñaki Goenagak eta Karlos Ibarrondok hurrenez hurren. Elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoa uztartzeko beharra azpimarratu dute, eta horretarako, nekazal lurrak babestuko dituzten planteamenduak sustatzearen alde kokatu dira. Proposamen zehatzak mahaigaineratu dituzte ondoren.

«Gure herriaren eta herritarren elikadura burujabetza lehenesten dugu, eta beraz nekazal lurren erabilpena arautzean eta erabakitzean, elikagaien ekoizpena lehenesten dugu eta ondorioz, balio haundiko nekazal lur gehiagorik ez galtzea jotzen dugu helburutzat», adierazi dute. Bi burujabetzak «erronka bateragarri» direla aldarrikatu dute horrekin batera; eta elikagaien ekoizpena, energia berriztagarrienaren antzera, «interes orokorreko» jarduera gisa aitortzea eskatu dute erakunde guztietako legedietan, «energia berriztagarrien ekoizpena elikagaien ekoizpenaren gainetik ipini gabe».

Testuinguruaren azterketarekin abiatzen da txostena, eta egungo gizartean zein mundu globalean energia berriztagarriak beharrezkoak direla iritzita, baserritarren landa eremuak zainduko dituen planteamenduak behar direla aldarrikatu dute, hainbat lege oinarritzat hartuz. Lurren banaketari dagokionean, argia da beraien iritzia: «Burujabetza hauek lortzeko bidean garatu beharreko jarduerak lurra behar dute ezinbestean eta honenbestez, izan dot DOT nahiz PTS agroforestalak nekazal lurra gisara aitortzen diren, nekazal jarduera lehenetsiko da eta energia jarduera kokatzerakoan, nekazal lurrak ez diren lurrak lehenetsiko dira».

Kokalekuak eta lehentasunak

Energia jarduerarako jarri beharreko instalazioen inguruan ere plazaratu dute beren iritzia, autokontsumoa eta energia komunitateak lehenetsi behar direla esan dute, eta instalazioen dimentsio eta baserri guneekiko gertutasuna kontuan hartu beharko liratezkela, «landa inguruneko baserritarren bizi kalitatea ez okertzeko». Bestalde, instalazioak kokatzerakoan, irizpide nagusiak ezin duela kostu ekonomikoa izan gaineratu dute: «Horrela balitz, alferrikakoak ditugu nekazal lurra babesteko plangintza eta lege-tresna guztiak». Eta baserritarren prestutasuna adierazi dute instalazio horietarako alternatibak bilatzeko unean.

Halaber, energia jarduerarako instalazioak eta azpiegiturak non kokatu hautatzerakoan, ustez kutsatutako lurren inbentarioa aintzat hartu beharko litzatekeela uste dute, kutsatutako lurrak berreskuratzeko helburua egikaritu beharko litzateke beraien esanetan. Baita aurrez erabilitako lurrak lehenetsi ere, lur berriak artifizializatzen hasi gabe.

Azken proposamen gisara, energia berriztagarrien inguruan pentsatzeko unean egurraren biomasa kontutan hartzeko apustua egin beharko litzatekeela esan dute: «Energia berriztagarriak sustatzerakoan hain gurea den egurraren biomasa lehenetsi beharko litzake, basogintza mundua suspertzearekin batera, biomasa industria moldatuz. Bide batez, erakundeetako eraikinetako berogailuetako erregailu bezala biomasa ezarri beharko litzateke».