
«Gure aberria adiskideak blitzen diren leku hori da», dio Luigi Anselmik. Eta aberri horren ispilu izan daiteke Pamielarekin argitaratu berri duen poesia liburua, ‘Larrazkeneko argi-ilunetan’. Aitortu du Txema Larrea bere lagunari eskainitako poesia liburu bat dela eta lehen orrialdeak ere hori erakusten du, ‘Txema Larreari, in memoriam’ testuarekin hasten baita. Larrea euskal idazle, kazetari, unibertsitateko irakasle eta militante politiko bizkaitarra zen, 2018an hil zen.
Donostiako Plaza Berriko liburutegian aurkeztu dute Anselmiren lana ostegun goizean, Pamielako editore Jose Angel Irigaray eta adiskidez inguratuta. Irigarayk adierazi du liburuan aurkitu daitekeen «lagunartekotasun espirituan» egin nahi izan dutela aurkezpena, eta espirituaz gain, lagunak ere bertan ziren. Adiskidetasunari «gorazarrea» poesia bakoitzari lotutako eskaintzetan sumatu daiteke; izan ere, ia pieza guztiak daude lagunen bati eskainiak.
Editorearen esanetan, «joandakoen minez eta soseguz» idatzitako poesia liburua da, batez ere, jada hildako Larrearen «oroitzapenak grabitatzen du» poesia ezberdinetan. Kepa Larrea lagunak ere hartu du parte, eta adierazi du batez ere Luigi bera ikusten duela berak olerki guztietan.
«Oraindik ez dakit olerki bilduma bat edo lagun bilduma bat egin dudan; esango nuke adiskideei kantu bat dela. Bai bizirik daudenei, eta baita hilda daudenei ere». Hala ere, deitoratu du liburu batean mugatua dela lekua eta ez direla lagun guztiak sartzen. Barkamena eskatu die poemarik gabe geratutako lagunei eta, etorkizun batean beste libururik balego, aipatuko dituela egin die zin: «Lagunen bat ahaztuko nuen, horiei barkamena, urteekin galtzen baititugu ileak eta neuronak». Eskaintza jaso duen lagun gazteenak urte eta erdi besterik ez du, eta zaharrenak, aldiz, 99 beteko ditu abenduan.
Gai guztien gaineko hodeia: adiskidetasuna
Oso anitzak diren, baina Anselmiren liburuetan lehenago aurki ditzakegun gaiak daude 119 orrialdeetan zehar: gaua, hiria eta alkohola; naturatik sortutako irudi zein metaforak; aitzinako mitologia… Eta aurkezpen osoan gehien errepikatu den hitza, noski: laguntasuna.
«Txema Larreak lagun asko zituen, adiskidetasuna zen bere benetako erlijioa, eta sinesmen horretara bultzatu gintuen hainbat lagun… Egindako poesia liburuan eta, gaur, hemen bildu gara erlijio horretakoak», adierazi du idazleak, bera zein publikoko adiskideak hunkiturik.
Leonardo da Vincik esaten zuen irudiak hitzik gabeko poesia zirela. Eta beste hainbat liburutan egin bezala, Anselmik bere lagun Jose Enrike Urrutia marrazkigilearen irudiak sartu ditu liburu honetan ere. Editorearen hitzetan, poesiek bezala, kasu honetan irudiek ere «denboran finkatze edo harrapatze bat» sortzen dute.

Por qué Podemos le puede aguar la noche del 28M al PP

El proyecto deportivo de Uriarte se tambalea

Un hombre de Donostia está en coma inducido tras ser atacado por unos ultras en Soria

EH Bildu logra los mejores resultados de su historia y es la más votada en las municipales

Pedro Sánchez rompe el Gobierno español y convoca elecciones para el 23 de julio

Asiron destaca que no aceptará en Iruñea vías que excluyan al 27% del electorado

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia ereserki bilakatu dute Hazparneko errugbi jokalariek

Ignacio Ansorena Funtsa, Durangaldeko 10.000 irudi baino gehiagoren legatua
