NAIZ

Tulalaika bestaren bigarren edizioa ospatuko dute igandean Pagolan

«Euskal kulturak gaitu honeraino ekarri eta aitzina segitzeko bidea markatu nahi du Tulalaikak». Sohüta eta Alozeko ikastolen eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren elkarlanarekin sortu zen izen bereko elkarteak Kazeta.eus atariari eman dizkio igandeko bestaren xehetasunak.

Tulalaika bestari hasiera emango diote, aurten ere, dantzariek.
Tulalaika bestari hasiera emango diote, aurten ere, dantzariek. (@XBOTZA)

Tulalaika elkartearen eskutik, izen bereko besta ospatuko da maiatzaren 28an Pagolan. Euskararen arnasgunea bilakatu den bestaren bigarren edizioa da eta elkarteak azaldu duenez, «euskal kulturak gaitu honeraino ekarri eta aitzina segitzeko bidea markatu nahi du Tulalaikak». 

Sohütako Eperra eta Alozeko Basabürüa ikastolen eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren (MEEK) elkarlanaren ondorioz sortu zen Tulalaika elkartea.

Bestaren bigarren edizioaren karietara euskara hutsez osaturiko egitarau zabalaz gozatzeko paraka ukanen dute Zuberoa eta Nafarroa Behereko mugan kokatzen den Pagola herrira bertaratuko diren lagunek.

Sohütako ikastolako langile den Carole Aguerrek Kazeta.eus atarian nabarmendu duenez, euskara hutsezko egitaraua prentsatu dute, aurten ere, «helburua ez baita aldatu: euskara aitzinean ezartzea da xedea».

Zuberoako ikastolen 50. urtemuga bete da aurten eta euskarazko irakaskuntzari buruz kezka agertu du Aguerrek.

Adierazi duenez, «duela lau urte 110 haur baziren eta orain 80 dira. Apaltze aski handia izan da apur bat denetan». Horregatik, euskararen inguruko ekimenei garrantzia berezia ematen die.

«Euskara ez da bakarrik ikastolan eta hori erakutsi nahi dugu Tulalaikaren bidez, hizkuntza aisialdi eremura eramateko helburuarekin» gaineratu du Sohütako ikastolako langileak.

Mendekoste bezpera izanik, kontzertuak berandu arte

Astelehean Mendekoste izanik, jai eguna da Ipar Euskal Herrian. Beraz, aiseago aritu ahal dira Pagolara bertaratuko diren euskaltzaleak.

Goizeko 10.30ean hasiera ematen diote Tulalaika bestaren bigarren edizioari.

Pagolako dantzariak, Mauleko Maskaradako beltzeriak eta Amikuzeko zirtzilak konplize izan dituzte antolatzaileek. Haien esku gelditu da, hain zuzen, goizetik giroa pizteko lana. Bertsolariekin partekatuko dute, hori bai, plaza alaitzeko ardura.

Ordubatetik aitzin zikiroa jateko parada izanen da. Pontx pailazoak ez dio kale egingo Zuberoako eta Nafarroa Behereko ikastolen auzolanari esker antolaturiko bestari.

Arratsaldean, berriz, 'Guk eta gü' ikusgarria iragarria da eta horren ondotik Murgi, Ziztadak&Erlantz, Artzabale txaranga, Dupla, Rodeo eta DJ Üzkülüz laguntzaz kontzertuen txanda helduko da.

Goizaldeko biak arte aukera izanen da musikaz gozatzeko Pagolan.