NAIZ

«We are Champions League»: festa txuri-urdina Metropolitanon, jokalariak Imanol airatzen

Realak Txapeldunen Liga jokatuko du hurrengo urtean. Metropolitanon galdu duen arren, Vila-realen porrota lagun izan du helburua betetzat emateko. Europako txapelketa entzutetsuenera itzultzen du 10 urte beranduago eta horrek, merezi duen ospakizuna behar zuen. «We are Champions» leloa erabili dute.

Jokalari txuri-urdinak Imanol Alguacil aireratu dute Metropolitanon, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu berritan.
Jokalari txuri-urdinak Imanol Alguacil aireratu dute Metropolitanon, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu berritan. (REAL SOCIEDAD)

2002-2003an eta 2012-2013 denboraldietan erdietsitako lorpena berdindu du Realak eta hamar urte beranduago, Txapeldunen Liga jokatuko du talde gipuzkoarrak. Metropolitanon jasotako porrotak gutxirako balio izan du, Vila-realek ere galdu egin baitu Rayoren aurka. Horrek, Txapeldunen Ligarako txartela eman dio Realari eta gogotik ospatu dute Metropolitanon. Inoizko porrotik gozoena izan da.

«We are Real, we are Champions League» leloa erabili du klub txuri-urdinak eta lorpen honetarako propio prestatutako elastikoa jantzi dute guztiek, bai jokalariek bai eta talde teknikoa osatzen duten kide guztiek ere. Nola ez, jokalariak ez dira ahaztu Txapeldunen Ligara itzularazi dien gako nagusiaz: taldeko patroiaz, Imanol Alguacil entrenatzaileaz, alegia.

Oso hunkituta agertu da Orioko teknikaria eta jokalariek zerura aireratu dute. Taldearen mugarri da Imanol eta irudi hau horren erakusle izan da.

Partida osteko adierazpenetan ere hunkituta baina irribarrea ahotik ezin kenduta agertu da Imanol Alguacil. «Sekulakoa egin dugu», laburtu du teknikariak. «Merezitakoa izan da, denboraldi osoan ibili gara hor, hirugarren postuan, laugarren... Europa Leaguera sailkatzea handia zen, bada imajinatu Txapeldunen Ligara sailkatzea», adierazi du.

Modu horretan, jokalari, staff-eko kide, klub eta zaleei esker hitzak helarazi nahi izan die. Espreski, zaleen babesa eskertu du, «momentu on eta txarretan beraien aholkuak izan ditugu, sekulako giroa sortu da Anoetan eta gure motorra dira». .

Asier Illarramendi kapitainarentzat ere ospakizun berezia izan da, jada iragarri baitu ez duela Realean jarraituko. Min hartuta dagoen Sadiq-ekin ospatu du Txapeldunen Ligarako txartela, Realak sare sozialetan argitaratu duen bideo honetan ikusi daitekeenez. «We are Champions» diote biek.

Berdeguneko festak jarraipena izan du aldagelan, xanpain eta guzti. Eta aurreikustekoa izango da festak luzaroan iraungo duela.  Datorren igandean, 18.30ean, Anoetak hartuko duen azken jardunaldian, Sevillaren aurka, joko du goia festakizunak.