NAIZ

Zelaia eta Barbadorekin elkartasunez «agerraldi masiboa» egingo dute igandean Amurrion

Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren helegitearen aurrean Auzitegi Goren espainiarraren azken erabakia anakronikoa eta krudela dela salatu du ANkerkeria Stop plataformak. Egoera salatu eta elkartasuna adierazteko, datorren igandean Amurrion egingo den agerraldira joateko deia zabaldu dute

ANkerkeria  Stopen mobilizazioa, 2021eko urtarrilean
ANkerkeria Stopen mobilizazioa, 2021eko urtarrilean (Jaizki Fontaneda | FOKU)

ANkerkeria Stop dinamikak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen kasuan Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren eta prozesuaren beraren «anakronismoa» eta «krudelkeria» salatu du. Horrekin batera, igande honetan, Amurrioko Zabaleko ikastetxean, eguerdian, egingo den «agerraldi masibora» dei egin die herritarrei, gazteei elkartasuna adierazteko.

Pasa den astean, Auzitegi Gorenak Audientzia Nazionalak ezarritako kondena berretsi zuen; horrela, Zelaia eta Barbadok lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko asktasuna eta 10 urteko inhabilitaziora kondenatuak izan ziren modu definitiboan. Dinamikako kideek azaldu dute hurrengo egun edo asteetan «espetxeratzeko errekerimendua» abiatuko duela Audientzia Nazionalak, eta errekerimendu hori bat bateko atxiloketa batekin etorri daitekeela.

«Minetik, amorrutik baina era berean maitasunetik eta elkartasunetik» irakurtzen dutela egoera azaldu dute. Min edo amorrua aipatzerakoa 2023an «horrelako eraso bati» aurre egin beharra ulergaitza egiten zaiela esan dute: «Euskal Herria aurrera doa, eskubide zibil eta politikoak urratu eta horrelako injustiziei aurre egiten kateatuta nahi gaituzten arren. Euskal jendartearen gehiengoak aldarrikatzen duen bezala, kartzelak husteko eta Euskal Herria eraikitzeko garaia da, ez kartzelak betetzekoa».

Maitasuna eta elkartasuna maite dituzten lagun, kide eta militante politikoak direlako sentitzen dutela adierazi dute, «ez ditugu bakarrik utziko».  Adierazi dute herriarekiko daukaten konpromisoa maite dutela, eta gehitu «beraiek milaka aldiz egin bezala, elkartasun uholde bat itzuli nahi diegu».

#AitorEtaGalderAske

Horregatik deitu dituzte Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, sozial zein norbanakoak egingo diren deialdiak babestu eta tokian tokia burutuko diren elkartasun keinuetara. Bestalde, ekainaren 4an,  Amurrioko Zabale ikastetxean Zelaia eta Barbadoren egoera salatu eta elkartasuna adierazteko agerraldia egingo dute.

Gainera, hurrengo egun eta asteetan #AitorEtaGalderAske eta #EuskalHerriakAurrera aldarria lau haizetara zabaltzeko mobilizazioak eta elkartasun keinuak egiteko deia luzatu dute.