Nagore Belastegi

Kontzientzia mota desberdinen ernaltzea, Mari Luz Estebanen ‘Haragizko erreformak’ lanean

Duela 14 urte plazaratu zuen Mari Luz Estebanek bere lehen poema liburua, eta orain aurkeztu du hirugarrena, Pamielaren eskutik. Basauriri, bere berriari, aitortza egin nahi izan dio, eta bertan ikasitako bizitzako lezioek presentzia handia dute poemetan.

Mari Luz Esteban ‘Haragizko erreformak’ lanaren aurkezpenean.
Mari Luz Esteban ‘Haragizko erreformak’ lanaren aurkezpenean. (Maialen Andres | FOKU)

Mari Luz Estebanek bere hirugarren poema liburua plazaratu du, ‘Haragizko erreformak’ (Pamiela), non genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan eta linguistikoetan murgiltzen den. Izan ere, aurreko poema bildumetan harreman sareak jorratzen zituen eta oraingoan ere hala egin du, baina ikuspuntu kolektibo batetik.

Jose Angel Irigarai editoreak azaldu bezala, aurreko bi poemarioak, ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ (2013) eta ‘Andrezaharraren manifestua’ (2019), biak Pamielarekin argitaratuak, arrakasta handia izan zuten eta erreferente bilakatu ziren euskal literaturan, eta pozik agertu da hirugarrena ere argitaletxe berarekin atera delako eta honek ere erreferentziazko liburu bilakatzeko «aukera guztiak» dituelako, bere ustez.

Iratxe Retolaza izan da edizioaren arduraduna, eta berak azaldu du nola liburuaren lehen atalean «oroitzapenen txatal poetikoak» osatzen diren, haurtzaroko geografiak aztertuz, «klase-kontzientziaren eta hizkuntza-konzientziaren ernamuinak aletuz». Horiek guztiek bat egiten dute ‘Teoria maketoa’ izeneko atalean, non kontzientziaren ernaltzea islatzen den. Aurreko ataletan aipatu diren feminismoak, herriak, hizkuntzak eta klase-kontzientziak elkarrizketan sartzen dira, eta «subjektu maketoan» gorpuzten ditu Estebanek.

Egileak hitza hartu duenean aitortu du zaila egiten zaiola poema liburu bat aurkeztea, «arriskua dagoelako irakurketa bideratzeko». Hasi da azaltzen liburua erdi idatzia zuela aspalditik, eta bigarren kolpean amaitu duela. Bertan presentzia handia du Basaurik, bere herria, bere izaeran eragin duena. «Esaten dute herri itsusia dela, baina zer da itsusia? Saiatu naiz azaltzen niretzako zer den itsusi izatea», esan du.

Eta beretzat itsusi edo eder izateak ez du zerikusirik dauden eraikinekin, bertan bizi izan zuenarekin baizik. «Ez zait gustatzen nongoa naizen ahaztea», azpimarratu du. Hala, aipatu du txikitan ez zuela klase-kontzientziarik, euskalduna zela zekien eta kitto. Retolazak aipaturiko ‘teoria maketoa’-ren posizioa hartu eta iritzia emateko balio izan dio, eta horri esker ari da jardun politikoaz, feminismoaz eta euskaraz.

«Nire euskaldun bidea San pedro elizako gela ‘itsusi’ batean sortu zen, eta orduan dena aldatu zen», azpimarratu du, eta gehitu du Basaurin bertan bizi izan zituela greba eta manifestazio ugari. Herriari aitortza egiten dio poema batean.

Liburuaren azalak ere badu lotura barruan jasotzen denarekin, 2018ko greba feministan Basaurin ateratako argazkia baita.