NAIZ

Bizkaiko ostalaritzako beharginek pandemia ordaintzen jarraitzen dutela salatu dute

Pandemiaz geroztik soldata igoerarik ez dutela izan salatu dute ostalaritzako langileek. Gainera, euren baldintzak ez dira hobetu. Hori dela eta, negoziaketa sustatu nahi dute babes handiagoa behar duten azpisektoreak kontuan hartuz. Horretarako, lanuzteak deitu dituzte ostegun honetan.

Bizkaiko ostalaritza alorreko langileak, Gasca gastronomia zerbitzuaren egoitzaren aurrean.
Bizkaiko ostalaritza alorreko langileak, Gasca gastronomia zerbitzuaren egoitzaren aurrean. (LAB)

Bizkaiko ostalaitzako langileek lanuzteak egin dituzte ostegun honetan baldintza duinak eskatzeko. Izan ere, zabaldu dutenez, 2020ko urtarrilaz geroztik ez dute soldata igoerarik izan, eta euren egoerak okerrera egin du pandemiatik.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ohar batean adierazi dutenez, denbora tarte honetan aldi baterako lan erregulazioak jasan dituzte, eta gero partzialak; «ez lehenak ez bigarrenak» ez dituzte langileen arazoak konpondu. Hala, sektoreko hitzarmena negoziatzeko blokeoa behingoz eteteko exijitu dute orain, lanuzteen bidez.

«Pandemiak utzitako eraginen harira, ostalaritzako langileek ikusi zuten gizarte osoa sektoreko enpresekiko elkartasuna adierazten ari zela. Bada, ordutik hona KPIa %12 baino gehiago igo den eta sektoreko prezioek %15etik gora egin duten honetan, soldatek 0 euroko igoera izan dute», salatu dute.

«Sektoreko enpresek irabazi marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile klasearen kontura. Sektoreko enpresek estutu egin nahi dituzte langileak covidak utzitako faktura ordaintzen amaitu arte. Bada, beharginak ez daude halakorik onartzeko prest», argi utzi dute.

Sektoreko langileen baldintzak hobetzea, soldatak igotzea eta ordutegien kontrolerako fitxaketa fidagarriak ezartzea eskatzen dute. Era berean, babes handiagoa behar duten azpisektoreak –jannari lasterra eta riderrak– ere negoziaketan sartzea eskatu dute langileek.

Azkenik, sindikatuek adierazi dute kontuan hartu behar dela hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei eta antzeko zerbitzuei. «Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan karga handiak ere bai. Patronalak beren hitzarmena negoziatzeari uko egiten dion bitartean, dituzten baldintzak hobetu behar dituzte, gaur egun beren beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez», salatu dute.

Horregatik guztiagatik, Bizkaiko hitzarmenaren negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek bat egin dute gaurko lanuzteekin. Goizean Gasca eta Baska kolektibitateetako enpresen sukalde nagusietan zegoen deituta mobilizazioa, eta eguerdian hotel nagusien aurrean. Iluntzean, berriz, Bilboko tabernetako kale nagusiak zeharkatuko dituzte.