NAIZ

Alokairuen legez kanpoko igoera salatu du Alda!-k Lehuntzen eginiko ekintzaren bidez

Lehuntze higiezinen gaineko tentsiopean diren 24 herrien zerrendan agertzen bada ere bertan etxe jabe batek alokairu saria bikoiztu duela agerian jarri du Alda!-k. Etxe aurreko lorategian hondartza giroa irudikatuz, alokairua mugatzen duen indizea erresperazteko deia egin du.

Hondartzako giroa errepikatu dute ekintzaileek Lehuntzen turismoak alokairuen garestitzea ekartzen duela salatzeko.
Hondartzako giroa errepikatu dute ekintzaileek Lehuntzen turismoak alokairuen garestitzea ekartzen duela salatzeko. (Patxi BELTZAIZ)

Lehuntzeko Dorian auzoan ekintza egin dute ostiral honetan, 11.00etatik aitzin, Alda!-ko kideek. Elkarteak jakitera eman duenez, Condisteguy etxe-multzoan hordartzako tresnak ezarri dituzte ekintzaileek turismoari loturiko dinamikek etxebizitzaren gaineko krisia areagotzen jarraitzen dutela agerian jartzeko asmoz.

Euskal Elkargoak 24 herri sartu zituen higiezinen gaineko tentsiopean dagoen eremuan. Herri horiek guztiak Lapurdin kokatuak dira.

Lehuntze herri horietako bat da. Bertan alokairuen prezioaren bilakaera kontrolatzeko indize bat aplikatzen da, IRL izenekoa.

Hala eta guztiz ere, Alda!ko ekintzaileek salatu dutenez 74 metro karratuko apartamentu baten jabeak aitzineko alokatzailea joan ostean 840 eurotan zen alokairua 1.420 eurotara emateko hautua egin du.

Hori salatzeko erresidentziaren lorategian protesta ikusgarria burutu duten 30 bat ekintzailek. Etzaulkiak, bainu oihalak, luxuzko turistek baliatzen dituzten bainu jantziak....  uhain eta antxeta edo marloi txioen harrabotsez giroturiko soinua lagundurik, Alda elkarteak hondartza txiki bat antolatu du zintaz, afitxaz eta banderolaz estalia izan den apartamendu horren aitzinean.

«Etxeko jabeak T3 horren alokairua 840 eurotik 1420 eurora pasa du, Lehuntzen eta tentsio pean dagoen zonalde guztian indarrean dagoen berriz alokatzeko alokairuen mugatze dispositiboa urratuz eta maizter berrie alokairu horren prezioa baino hiru aldiz altuagoa den soldata eskatuz» salatu du Ainize Butron Alda!ko ko-lehendakariak.

Elkarteko ordezkariak gehitu duenez, «Nizan bizi denez, beharbada Lehuntze eta Kosta Urdina nahasiko zituen etxeko jabeak». Hala ere oharrarazi duenez, «guk ez dugu utziko tokiko biztanleak etxebizitza izatearen aukeratik baztertuak izatea».

Alda!ko militanteek auzoko gutun-ontzietan egoera salatzen duen trakta banatu dute gaur Lehuntzen burutu duten ekintzaren baitan.

Esku orri horretan elkarteak azaldu duenez «Lehuntzen eta tentsio pean dauden Iparraldeko beste 23 herrietan berriz alokatzen denean edo kontratua eguneratzen delarik IRL indizetik at emendatzea alokairua debekaturik dago».ela

Neurri hori etxebizitza zaharrak babesten ditu eta «alokairuak zentzuzkoa den maila batean mantentzen dituela« gaineratu du idatzi horretan elkarteak. Dispositibo hori ez balitz indarrean izanen «egungo etxebizitzaren egoera oraindik larriagoa eta kontrolarik gabekoagoa izango zen».

Horregatik Alda!k neurri hori errespetatua izateko lan egingo duela eta horretarako ekintzak egingo dituela jakitera eman du. Era berean, «dispositiboa errespetatzen ez duten jabeak zein higiezinen agentziak» epaitegian salatzeko gomendioa eman du.

Alokairuak kontrolatzeko lege egokitzapena

2022. urtean Euskal Elkargoak lehen neurri erabakigarriak hartu zituen etxebizitzaren gaineko krisiari aurre egiteko.

Jakin behar da, eskuduntzen aldetik, aitzin urratsa izan zela urte bereko otsailean frantziar Asanblea Nazionalak onartu zuen ‘Diferentziazio, Deszentralizazio eta Sinplifikazio’ 3DS legea.

Zuzenketa bat tarteko, lege horren behin betiko bertsioak ahalmena ematen die udalei alokairuen prezioei ezarritako mugak errespetarazteko.

Izan ere, araua higiezinen gaineko presio altua dagoen eremuan baizik ezin da aplikatu.

Horrendako, Euskal Elkargoak gehienetan Lapurdiko kostaldeko inguruan kokatzen diren 24 herri eta hiri sartu zituen tentsiopeko gunean, hala auzapezen eskuetan utziz aipaturiko alokairuen mugapena aplikatzeko ahalmena.

Alokairu turistikoak mugatuz urte osoko alokairua berreskuratzea xedez tentsiogune horren arautzea begi onez hartu zuten etxebizitzaren eskubidearen alde jarduten duten eragileek.

Asanblea Nazionalean, presarik ez

Alokairu turistikoen eragina mugatzeko neurri eraginkorrak hartzen segitzeko tenorea dela sinetsita, alderdi ezberdinetako hautetsiek Iñaki Echanizek sustaturiko ekimena babestu dute Asanblea Nazionalean.

Tamalez, Asanblea Nazionalean gehiengoa duen Emmanuel Macronen taldeak besteak beste alokairu turistikoei ezartze zaien fiskalitatea aldatzea aurreikusten zuen proposamenari buruzko eztabaida agendatik kanpo ezarri berri du.

Alokairu turistikoen auziari gehitu behar zaio bigarren etxebizitzaren afera.

Txosten bat berriki baeztatu duenez, etxebizitzen parke osoaren %20 dira urtean zehar bakarrik hilabete gutxitan baliatzen diren etxebizitzak Ipar Euskal Herrian.