NAIZ

Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktimen babesa hobetzeko protokoloak berrikusiko ditu

Biktimen arreta hobetzeko akordioaren jarraipen batzordearen bilera deitu Emakundek, eta Diskrezioa eskatu du azken hilketak ikertzen jarraitzeko. Lakua, aldundiak, Eudel, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Fiskaltza, Arartekoa, eta legelarien eta medikuen kontseiluak biltzen ditu batzordeak.

Emakunderen egoitzan bildu da ostiral honetan biktimen arreta hobetzeko akordioaren jarraipen batzordea.
Emakunderen egoitzan bildu da ostiral honetan biktimen arreta hobetzeko akordioaren jarraipen batzordea. (EMAKUNDE)

Emakunderen egoitzan bildu da ostiral honetan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakundeen arteko hirugarren akordioaren jarraipen batzordea. Koordinatzea dute helburu, babes osoa bermatzeko. Orion eta Gasteizen maiatzaren 16an eta 28an, hurrenez hurren, izandako azken hilketa matxistei buruzko informazioa bildu dute.

Batzordea Emakundek koordinatzen du, Miren Elgarresta zuzendaria buru. Honako sailek osatzen dute: Lakuako sei sail, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, EAEko Fiskaltza Nagusia, hiru foru aldundiak, Eudel, Arartekoa, Legelarien Euskal Kontseilua eta Medikuen Euskal Kontseilua.

Jakinarazi dutenez, Gasteizen gertatutako azken hilketari dagokionez, gertakarien egunetik Ertzaintza sakon aztertzen ari da, urtarrilean kasu horren berri izan eta ustezko hiltzaileak urruntze agindua urratu zuenetik igaro den denboran gertatutakoa.

Bertan baieztatu dutenez, Ertzaintzak «beharrezkoak diren» protokoloak berrikusiko ditu indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babesean inplikatuta dauden gainerako erakunde eta agenteekiko koordinazioa hobetzeko, Fiskaltzarekin, epaileekin eta Estatuko gainontzeko poliziekin, «hobekuntza puntuak» lortze aldera.

Diskrezioz

«Helburua da beharrezkoak diren protokoloak berrikustea eta emakumeen babesean inplikatuta dauden gainerako erakunde eta eragileekiko koordinazioa hobetzea: fiskaltza, epaileak, segurtasuna... Batzordeak diskrezioz lan egingo du, aurreko kasuetan egin duen bezala, azterketan aurrera egiten jarraitu ahal izateko eta, batez ere, biltzen duen informazioarekin hobekuntza puntuetan aurrera egin ahal izateko», adierazi du Emakundek.

Batzordeak, era berean, erantzukizuna eskatu die komunikabideei, informazioa jasotzeko eskubidea balia dezaten, baina beti ere hildako emakumeei buruzko datu pribatuak jendaurrean zabaltzea saihestuz, biktimei, haien senideei eta, batez ere, haien seme-alabei zor zaien errespetuagatik.

Urkullu: «Gizarteak, bere osotasunean, berriz huts egin du»

Iñigo Urkulluk adierazpenak egin ditu Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduk aurkeztutako galdera baten harira. Indarkeria matxistari emandako erantzunaz galdetu dio koalizio abertzaleak, bereziki Gasteizko azken hilketaren ondoren. EAEko lehendakariak esan du «gizarteak, bere osotasunean, berriz huts egin» duela Maialen Mazonen hilketan. Urkulluren hitzetan, bera, hildako beste emakumeen gisan, «hiltzaile baten biktima izan da, hiltzaile baten erabaki eta ekintzena, eta ez dago besterik».

Mazonen kasuan, eztabaida sortu da babesaren inguruan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak berak jakinarazi baitzuen Ertzaintzak bazekiela, joan den urtarriletik, erasotzailea ez zela urruntze agindua betetzen ari. Hori biktimaren baimenarekin gertatzen ari zela erantsi zuen Erkorekak, eta esan zuen behin baino gehiagotan baieztatu ziola poliziari ez zela arriskuan sentitzen.

Adierazpenok salatu zituzten mobilizazio feministetan, eta Mazonen familiak ere hitz egin zuen, hiltzailetik harago beste errudunik ez bilatzeko eskatzeko.

Urkulluk defendatu du administrazioek eta gizarteak bere osotasunean «lanean jarraitu» behar dutela «batere inpunitate espaziorik ez gelditzeko» eta indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetzeko.