Iraitz Mateo

Ina Zeberio oroitu dute Lizartzan, eta «bertsio ofizialen kutxa iluna» irekitzeko aldarrikatu

Bertsio ofizialek ezkutatzen dutena argitara ekartzea aldarrikatu dute igande goizean Lizartzan, Ina Zeberioren heriotzaren 25. urteurrenean. Egia, aitortza eta erreparazioa eskatu dituzte.

Ina Zeberioren oroimen ekitaldia, Lizartzan
Ina Zeberioren oroimen ekitaldia, Lizartzan (Andoni Canellada | FOKU)

1998ko ekainaren 5ean, Gernikako Picasso kaleko pisuan Ertzaintzak egindako operazio batean hil zuten Ina Zeberio lizartzatarra. 25. urteurrenaren harira oroimen ekitaldia antolatu du Egiari Zor Fundazioak, eta oraindik «egia osoa» ez dakitela salatu; bertsio ofizialak argitu gabeko galderak eta itzalak argitzea aldarrikatu dute.

Fundazioak aitortza, justizia eta erreparazioa eskatu ditu, «diskriminaziorik gabe»: «Egia oinarrizko elementua da, besteak beste gertatutakoaren memoriaz hitz egitean, elkarbizitzaren eraikuntzan edo giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonen eremuan». Gertukoez eta herritarrez inguratuta egin dute Lizartzan Zeberioren oroimen ekitaldia, bertsoak, dantza eta lore eskaintzak borobildu ditu Pilar Garaialde fundazioko bozeramailearen hitzak.

Poliziaren indarkeriaren, salbuespenezko espetxe-politikaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren, torturaren,  FOP edo FSErekin izandako ustezko liskarren ondorioz hil zirenak aipatu ditu Garaialdek. Eta horietan erabilitako bertsio ofizialak «poliziaren ekintza justifikatzeko, edo hildakoa bere heriotzaren erantzule eginez benetako krimenak ezkutatzeko» balio izan duela salatu du.

Zeberioren kasuan, «Ertzaintzaren balizko erantzukizuna ezabatzeko erabili zen bertsio ofiziala», esan du. Garaialdek azpimarratu du bertsio hori inoiz ez zela baieztatu ikerketa judizialean praktikatutako frogen bidez; «Ina hil zuten unean berarekin zeudenek argi adierazi zuten tarteko inolako arrazoirik gabe tiro egiten lehena Ertzaintza izan zela». Eta jarraian, galdera bat bota du: «Ertzaintzaren operazio horren benetako helburua ere zalantzan jarri behar dugu: Ina atxilotu edo hil egin nahi zuten?».

Bertsio ofizialek ezkutatzen dutena

Egiari Zor fundazioko ordezkariak salatu du urteak daramatzatela «bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko beharra aldarrikatzen». Eta sekretu ofizialei buruzko Legearen indargabetzea oraindik errealitate ez izatea kritikatu du: «Indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hauek argitzeko borondaterik ezaren beste froga bat da; frankismo garaian, trantsizioan eta ustezko demokrazia honetan gertatutakoak».

Salatu dute «indarkeriaren, egiaren eta justiziaren monopolioa Estatuan bertan» dagoela, eta gehitu dute ez dela harritzekoa Espainiako Estatuak gatazkaren testuinguruan aplikatzen duen justizia eredua erabateko desorekakoa izatea: «Izan ere,  Estatuko agenteek egindako giza eskubideen urraketa gehienak argitu gabe daude».  

«Guk ez dugu gatazkaren ondorio eta erantzukizun batzuei muzin egiten dien eta beste batzuk betikotzen dituen justizia eredu honetan sinesten; Biktimen eskubideak errespetatuko dituen eta aldi berean, hainbat hamarkadatan indarkeriak eragindako ondorioak gaindituko dituen bizikidetza agertoki batera iristeko beharrari erantzungo dion justizia eredua behar dugu», esan du Garaialdek. Eta gehitu du elkarbizitza demokratikoaren kontzeptuak, konfrontazio armatuaren ondorioan gainditzea exijitzen duela, «pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea, baina baita ere, izaera politikoa duen gatazkaren arrazoiei heltzea».

Ekainaren 5eko gaua

Duela 25 urte Gernikan gertatutakoak Lizartza ere belztu zuen. Ertzaintzaren tiroketa baten ondorioz hil zen 35 urteko Ina Zeberio Euskadi Ta Askatasunako militantea , 13 bala-kolpe eta balek eragindako 24 zulo gorputzean zituelarik; horrez gain, GARAri bere ahizpa Kontxi Zeberiok kontatutakoaren baitan, atearen ezpal pusketak ere bazituen lizartzatarrak, eta eskuburdinak jarrita, «horrek esan nahi du mugitu egin zutela, horrelako kasuetan mugitzea debekaturik dagoenean». Gernikako pisu batean gertatu zen, Francisco Markez Zelaia eta Iñaki Bilbao Ganbeka kideak zeuden berekin, aste honetan geratu da aske Bilbao zigor osoa bete ostean.

Inoiz argitu gabeko kasuen tiraderan jarraitzen du Zeberioren kasuak. Garaian, Juan Mari Atutxa zen Lakuako barne aholkularia, eta bertsio ofizialaren arabera azaldu zuen: «Zeberio bera hasi zen tiroka ertzain bat zaurituz, bere jarrerak eraman zion hilkutxara». Baina argitu gabeko zenbait hari daude oraindik: zergatik zituen eskuburdinak jarrita, Ertzaintzak zergatik ez duen inoiz onartu egindakoa, nork deitzen zien Zeberioren heriotzaren ostean bere senideei mehatxatuz, Lakuako gobernuak zergatik debekatu zituen Gernikan egitekoak ziren omenaldiak… Egiari Zorrek gertatutakoa argitzeko ahaleginean jarraituko du.

Kasu honen ikerketa judizialak ordea ez zuen inguruabar hau argitu. Zeberiorekin zeudenen testigantzek kontrakoa diote, kolokan jarriz bertsio ofiziala zein Ertzaintzak martxan jarritako operazioen benetako helburua ere.