Maite Ubiria

Senaturako bozetan PSko Espagnacen eskutik ezkerreko zerrenda osatzeko ados da EH Bai

Euskal Herria Baik ezohiko batzarra egin zuen, larunbatean, Saran. Bertan, frantziar Senatuari begira «ezkerreko aliantza bat sortzearen alde» azaldu ziren militanteak. Hala, jarduneko senatari sozialista Frederique Espagnacek zerrenda partekatzeko luzaturiko eskaintza ontzat eman du EH Baik.

EH Baiko militanteek larunbatean baieztatu zuten sozialistekin batera ezkerreko aliantza lantzeko hautua.
EH Baiko militanteek larunbatean baieztatu zuten sozialistekin batera ezkerreko aliantza lantzeko hautua. (@EHBai)

Frantziar Senaturako hauteskundeak heldu den irailaren 24an iraganen dira eta dagoeneko hitzorduari begirako prestaketa lanak abian dira, bai alderdien barruan baita erakunde mailan ere.

Hala, joan zen larunbatean Saran eginiko ezohiko batzar orokorra antolatu zuen Euskal Herria Baik bere estrategia finkatze aldera.

Egiari zor, badira zenbait aste heldu zion EH Baiko zuzendaritzak bere hautetsi eta militanteekin proposamenari buruz iritzi-trukaketari.

Nikolas Blainek NAIZi gaur azaldu dioenez, «era deszentralizatuan 17 bat bikera egin ditugu, eta hautetsiekin luze mintzatu gara, baina guretzat garrantzitzua zen erabakitze prozesu hori osatzeko biltzar nagusia biltzea».

Batzarrean %87ak babestu zuen proposamena

Oren t'erdiz luzatu zen eztabaida mamitsua izan zelako iragan larunbatean kontent azaldu da EH Baiko ko-koordinatzailea.

Bestalde, bozketaren emaitzak «adostasun maila handia dagoela» agerian jarri zuela gehitu du. Batzarrera bertaratu zirenen artean %87ak ezkerreko aliantza eratzeko proposamena babestu zuela zehaztu du Blainek.

Gehiengo sendo horrekin abiatuko da, ekainaren 9an, hauteskunde bulegoa zehazteko prozesua. Gertutik hasita, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herriko etxe guztietan bilera eginen da, hain zuzen, nork izanen duen botoa emateko gaitasuna zehazteko.

EH Baik plazaratu duen agirian, lehenik eta behin, ezkerreko alderdi abertzaleak Senaturako boza horietan baliatzen den sistemaren gainean bere kritika agertu du.

Izan ere, sei urteko aginte baterako izendatuak izanen diren senatariak ez dira herritarren zuzeneko botoaren bidez hautatuak izaten.

Hala, lurralde eta hautesbarruti ezberdinek duten biztanle kopurua aintzat hartzen da.

3 senatari postu berritzeko departamenduan

Pirinio Atlantikoen departamenduan hiru senatari hautatzen dira. Nori egokituki zaio irailaren 24an hiru eledun berri hautatzea?

Senatariak hautatzeko ardura bere gain hartuko duen «hauteskunde kolegioa» eratu behar da lehenik eta behin. Errolda zehazteko prozedura hilaren 9an gauzatuko da.

Hain zuzen Ipar Euskal Herriko udaletan iraganen den bozketari erreparatu dio Blainek. Bere kalkuluen arabera EH Bai inguruko 80-90 hautetsi abertzale sartu daitezke aipaturiko erroldan.

«Gure kongresuak eman zigun aginduari erantzunez, han non gure herriaren aldarrikapenak aitzineratzeko eragin dezakegun present izateko hautua berrestera doa orain hartu den erabakia» nabarmendu du Blainek, onartzen duela «urrats esanguratsua dela» bertze ezkerreko indarrekin batera aliantza eraikitzeko apostu egitea Senaturako bozetan.

«Era berean erabaki honekin beste helburua betetzen dugula uste dut, hain zuzen gure oinarrizko aldarrikapenak aitzineratzeko xedez bidelagun berriak xerkatzea deliberatu genuen kongresuan eta hau norabide berri horretan urrats bat da», gaineratu du EH Baiko ko koordinatzaileak.

Errolda bereziari buruzko xehetasunak

Hauteskunde legeak dioenez frantziar legebiltzarkideek, eskualdeko eta departamendu kontseilariek eta, finean, udal kontseiluen ordezkariek dute eskubidea botoa emateko Senaturako bozetan.

Herri txikietan auzapeza baizik ez du bozkatzen baina  herri ertain eta hirietan parada bada zinegotziek ere botoa emateko, udalbatzak hala deliberatu ezgero. Erran bezala, ekainaren 9an argituko da zer ordezkari zehatzek parte hartuko duten iraileko bozketan.

Hauteskunde horien «izaera ez demokratikoa» kritikatu du historikoki EH Baik.

Bere gaurko agirian «herritarrengan hainbesteko eragina duten erabakiak hartzen dituen erakunde bateko ordezkarien hautapena, herritarren esku egon beharko litzatekeela» berretsi du.

Ondorioz, senatariak sufragio unibertsalaren bidez hautatzea galdetu du alderdiak.

Izan ere, berdin udal, departamendu zein legebiltzarreko ordezkariak hautatzeko 2020. urtetik honat eginiko bozetan EH Baik izan duen gorakada mahaigainean jarri du alderdiak.

Indartze horrek, «Senaturako hauteskundeetan bozkatu ahal duten gure hautetsien kopurua haztea ekarri du eta gure eragiteko gaitasuna biderkatu da», laburbildu du EH Baik. 

Gauzak horrela, «gure eguneroko bizitzaren inguruan erabakiak hartzen dituzten instituzio guztietan Euskal Herria ordezkatzeko bokazioa duela» berretsi ondoren, jarduneko senatari sozialista Frederique Espagnacek luzaturiko eskaintza ontzat eman duela bere militantzia jakinarazi du gaur arratsaldean EH Baik.

Hala, «hautagai abertzale baten parte hartzea bermatuko duen zerrenda osatzeko» ados azaldu da Euskal Herria Bai.

Alderdiak aurreratu duenez, «zerrenda hori osatuko luketen beste hautagaiekin adosturik, Euskal Herriarentzat baitezpadakoak diren aldarrikapenak hedatuko lirateke herriko etxe guztietan».

Zerrenda osatzeko prozesuari buruz eta, akordioa izan ez gero, baita bere osaketari buruz xehetasunak ematen ditu EH Baik ondoko egunetan.