NAIZ

Angeles Cruz zinemagile oaxakarrak jasoko du Zinegoak 2023 Ohorezko Saria

Zinegoak jaialdiak Angeles Cruz zinemagilearen «diskurtso konprometitua»-ri aitortza egingo dio bere Ohorezko Sariarekin. Iaz jaialdiaren Lesbianismo eta Genero Saria eskuratu zuen ‘Nudo Mixteco’ filmarekin. Saria ekainaren 26n jasoko du, Arriagan.

Angeles Cruz zinemagile oaxakarra.
Angeles Cruz zinemagile oaxakarra. (ZINEGOAK)

Angeles Cruz zuzendari, gidoilari eta aktoreak jasoko du Zinegoak 2023 Ohorezko Saria. Cruz Oaxaka eta Mexikoko zinemagintzaren erreferenteetako bat eta ez da berria jaialdi bilborarrean: iazko edizioan, ‘Nudo Mixteco’ (2021) bere azken lanak Lesbianismo eta Generoaren saria jaso zuen.

Alaitz Arenzana jaialdiaren zuzendari artistikoaren hitzetan, «haren ahotsak badu zilegitasuna normalean ikusten ez ditugun gaiez jarduteko, eta balio zinematografiko ukaezina dauka, betiere diskurtso konprometituaren zerbitzura. Hori dela eta, gure sari gorena eman nahi diogu, beraren lan artistikoa eskertzeko eta konpromiso soziala aitortzeko».

Jaialditik adierazi dutenez, sariaren berri eman diotenean hunkituta agertu da Cruz: «Besarkada handi hau mundu indigenako komunitateetatik gatozen pertsonengatik ere jasotzen dut. Ur tantak baino ez gara, baina ur emaria osatzen dugu, bidea egiten ari garelako komunitatea eginez».

Cruz Oaxakako San Miguel el Granden jaioa da. Bere zinemagintzan kostunbrismoa saihesten ahalegintzen da landa-eremuko eta komunitate indigenetako errealitateak irudikatzen dituenean eta bere helburua komunitate indigenetako istorio ezkutuak argitara ateratzea izan da. «Bere lanen bidez, istorio horiei heltzeko eta eraldatzen hasteko elkarrizketa- eta borroka-esparruak sortzen ditu«, nabarmendu dute jaialditik. Bere filmeetan landu dituen gaien artean emakumeen aurkako indarkeria, haurren abusua, matxismoa, marjinalitatea, pobrezia eta sexu-aniztasuna daude.

Abusu eta indarkerien aurkako ahotsa

Bere lehen film laburrean, ‘La tiricia o cómo curar la tristeza’ (2012), komunitate indigenetako haurren abusuarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarekin loturiko istorio ezkutuez jardun zuen. Film hari esker, lehenbizikoz jaso zuen Mexikoko industriaren aitortza: 2013an, Ariel saria eman zioten.

Bigarren lana ere antzeko kezka batetik sortu zuen. Elkarrizketa batean entzun zuen komunitateetan ez zegoela lesbianarik, eta, orduan, kameraren aurrean jarri, eta ‘La carta’ (2014) zuzendu zuen; istorio horretan, bere komunitatera itzultzen da emakume bat, aspaldiko maitale batekin elkartzeko, eta gogora ekartzen du sekula ez zutela izan aukerarik beren harremana modu irekian bizitzeko.

‘Arcángel’ (2018) lanean, mendekotasuna duten bi pertsona ekarri zituen pantailara, biak ere baztertuak eta baliabiderik gabeak. Hala, etsi-etsian saiatuko dira beren beharrentzako konponbide bat bilatzen, arbuiatzen eta uxatzen dituen sistema bat aurrez aurre dutela.

Lehen lan haien ondotik, film luze bat egiteko ideia mamurtzen hasi zen: ‘Nudo Mixteco’ (2021), Cruzen opera prima. Bere komunitatean egin zuen, oso-osorik, eta normalean modu irekian azaltzen ez diren gai konplexuez dihardu, hala nola haurren abusua edo komunitate indigenetako harreman lesbikoak.

Film laburretan landuak zituen gaiak dira, eta ‘Nudo Mixteco’-n haietan sakontzen jarraitu zuen. Hala, herrira itzultzen diren emakume batzuei buruzko film bat da; funtsezko premia batek bultzatuko ditu beste espazio batzuetan bizitzera, garatzeko, eta, itzultzean, sentituko dute jada ez direla hangoak. Maria, Chavela eta Toña dira filmeko hiru istorioen protagonistak; hiru istorioek bat egingo dute herriko jaietan. Cruzek bere bigarren Ariel saria jaso zuen film honi esker; oraingoan, film luzeen sailean. Mugarri bat zuzendariaren ibilbidean.

Cruz-ek ekainaren 26an jasoko du Zinegoak saria, Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian. Bezperan, solasaldi batean parte hartuko du Bilborocken, Irantzu Varela kazetariak gidatuta, eta ostean bere hiru lan ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, Zinegoak irauten duen bitartean ziklo berezi bat ikusteko aukera egongo da BilbaoArten.