Gasteizko Parlamentuan osoko bilkura dute ostegun honetan eta, horren karira, Gora Garbitzaileak kolektiboko hainbat lagunek eserialdia egin dute Legebiltzarraren kanpoaldean, greban dauden Osakidetzako garbiketa zerbitzuetako lankideei elkartasuna adierazteko.
🧹Goizean Gora Garbitzaileak kolektiboko hainbat kidek Gasteizko Legebiltzarraren atarian eserialdia egin dute, greban nekaezin diharduten Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko lankideei elkartasuna adierazteko
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) June 8, 2023
➡️ Ertzaintzak arrastaka atera ditu bertatik pic.twitter.com/3NHlkQvZPr
Une batean kolektiboko kide batzuk Parlamentua inguratzen duen sarrera nagusira hurbildu eta hesiaren barruan sartu dira; minutu batzuen buruan, segurtasunaz arduratzen diren ertzainek kanpora ateratzeko eskatu diete. «Erresistentzia pasiboa» egin dute eta, azkenean, arrastaka atera dituzte eta errepidean bestaldera eraman.
Greban dagoen kolektibo horretako ordezkaritza bat Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren bulegoan sartu zen maitzaren 25ean.
Herenegun, berriz, bost lagun identifikatu zituzten Sagarduiren Bilboko etxearen ezkaratzean elkarretaratzea egin eta barruan zein kanpoan pegatinak jarri eta esku-orriak botatzeagatik, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez. Isun proposamena jasoko dutela erantsi du.
Beren lan baldintzak hobetu daitezela aldarrikatzen dute Osakidetzako azpikontratetako garbitzaileek, eta Osakidetzako gainerako garbitzaileekin parekatu ditzatela.