NAIZ

Barbadoren eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren aurkako mobilizazioak indarrez abiatu dituzte

Amurrion, Agurainen eta Gasteizen mobilizazio bana egin dituzte astelehen arratsalde honetan Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze aginduaren aurka. Manifestazio nagusia Gasteizen izango da hilak 30ean, larunbatean.

Manifestazio jendentsua Amurrion, Barbado eta Zelaiari elkartasuna adieraziz.
Manifestazio jendentsua Amurrion, Barbado eta Zelaiari elkartasuna adieraziz. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Amurrioko Herriko plazan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Aguraingo San Juan plazan mobilizazioak egin dituzte astelehen honetan Galder Barbado eta Aitor zelaia Aiaraldeko gazteek lau urteko espetxe zigorra betetzeko jasotako espetxeratze aginduaren aurka. Lehena bereziki jendetsua izan da, ehun lagun bilduz.

«Hasierako momentuko elkartasun eta indar berdinarekin ankerkeria hau salatzera» deitu zuten ANkerkeriari Stop dinamikatik joan den ostiralean, Barbadok eta Zelaiak espetxeratze agindua jaso zuten egunean hain zuzen ere.

2021eko otsailaren 2an, atxilotu zituztenetik bi urtera, Auzitegi Nazional espainiarrak bi gazte arabarren aurkako epaia eman zuen, «armak eta munizioak gordetzeagatik»: lau urteko kartzela-zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien. Joan den maiatzean berretsi zuen Auztegi Gorenak ebazpen hori.

Datorren irailaren 30erako mobilizazio nagusia deitu dute, Gasteizen, arratsaldeko 18.30ean Artium museoko plazatik abiatuta.

Elkartasun-adierazpenak ez dira bakarrik Araban gertatzen ari. Ekimen hau Portugaleten burutu zuten asteburuan, bertako estropaden oihartzuna baliatuz.