NAIZ

Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek finalerdietarako txartela eskuratu dute kayakean

Olatz Arregik, ordea, ez du hurrengo kanporaketara sartzerik izan, bigarren jaitsieran lehen atea jota kontzentrazioa galduta.

Lan ona eginda, Maialen Chourrautek aurrera egitea lortu du.
Lan ona eginda, Maialen Chourrautek aurrera egitea lortu du. (@RFEPiraguismo)

Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek kayakeko banakako finalerdietarako txartela eskuratu dute London inguruko Lee Valley-en jokatzen ari diren Munduko Txapelketetan. Lasarte-Oriakoak lehen jaitsieran lortu du txartela, 16. denborarik onena eskuratuta eta donostiarrak, aldiz, bigarren bat behar izan du aurrera egiteko. Ez du zorte bera izan Olatz Arregik eta ez du onenen artean sartzerik izan.

Maialen Chourrauti zapore gazi-gozoa utzi dio egindako lanak. Alde batetik, pozik zen helburua bete duelako eta Pariseko Joko Olinpikoetarako sailkatzea urrats bat gertuago duelako, are gehiago sailkatzea bigarren jaitsiera bat egin behar izanik gabe lortzeagatik, baina «azkarrago jaistea gustatuko litzaidake, goiko zatian nahiko ondo joan nahiz, egia da sailkatzea ez dela txarra izan, baina ez nuen akats potolorik egin nahi, arrisku guztiak ekidin nahi izan ditut eta horrek egiten du gero jaitsiera horren azkarra ez izatea».

Etxaniz, bigarren aukeran

Pau Etxanizek, bere aldetik, bigarren aukera hori jokatu behar izan du baina emaitza positiboa izan du eta Chourraut bezala, larunbatean finalerdietan arituko da.

Olatz Arregiren bi ahaleginak, ordea, antzuak izan dira. «Jaitsierak ez dira joan nahi genuen bezala. Lehendabizikoan hemeretzigarren atera arte ondo xamar nindoan, seigarren atean egindako akats batekin, baina hor arrastoa galdu dut eta denbora dezente galdu dut. Eta gero bigarren saiakeran lehen atea ukitu dut eta hori psikologikoki eramatea zaila egin zait, badakizu lehen atea ukitu duzula, jende oso ona zegoen...»

Ostiral honetan C-1ean Klara Olazabal eta Miren Lazkanok final aurrekoa jokatuko dute, 11.45etan lehenak eta 11.51etan bigarrenak.