‘Itzulerak’ gazteei zuzendutako nobelak XXI. eta XVI. mendeak nahasten ditu, Martija de Jauregi 1582an Nafarroatik desterratua izan zen sendalaria ardatz duelarik, gaur egunean bizi den Katalin nerabearekin duen harremanaren bitartez.
Astelehen honetan aurkeztutako liburua gazteei zuzenduta dago, baina Antxiñe Mendizabal Elkar-eko editoreak uste du ezaugarri horretan arreta jarriz gero «irakurle askok aukera galduko» dutela «istorio eder» hau irakurtzeko.
Ama Miriamekin eta anaia Gontzalekin Garraitzetara iritsi berri den Katalin da protagonista, 17 urteko neska bat. Aitonarena izandako Haize-Begi etxe zaharrera iritsi berriak dira, han ostatu bat irekitzeko asmoarekin. Iritsi bezain pronto, haurtxo bat aurkitzen dute etxe barruan, oraindik ez dakitelako denborak eta lekuak gurutzatzen diren pasagune bat dagoela.
Horren bidez egingo du Katalinek laurehun urte atzera eta garai hartako lekuko izango da Martija de Jauregi emaginari esker. Sineskeriek, herri-jakituriak eta mitologiak gidatzen dute editoreak «ibilbide» gisa definitu duen istorioa, bortizkeriak, iruzurrak, samurtasunak, ausardiak eta amodioak beraien tokia badaukate ere.
Zortzi ataletan banatuta dago nobela eta sinbologia oinarrizko lanabes izan du Miren Agur Meabek, batik bat haizea eta denbora. Hortik dator izenburua, historian atzera eta aurrera egiten diren bidaietatik, itzuleretatik.
Eleberria egiteko prozesuan ere itzulerarik izan dela onartu du idazle lekeitiarrak. Azaldu duenez, Martija de Jauregi aukeratu zuen bere aitona Lekeition medikua izan zela jakin zuenean eta horren ostean etorri zen lan dokumental sakona nabarmendu du Miren Agur Meabek aurkezpenean.
Zientzia fikzioa lagun, anbiguotasunarekin jolastu du autoreak pertsonaiaz josita dagoen istorioa ontzeko. Martija de Jauregiren senarra izandako Pedro Laborda bentazaina da ‘Itzulerak’-en, basoaren baliabideetatik bizi den emakume bat dago eta emakumezko Nostradamus bat ere agertzen da, Antia izenekoa, iragarlea.
«Idatzi behar nuen»
Martija de Jauregiri buruz «oso gutxi» dakigula deitoratu du, eta liburu honen beste helburuetako bat bere irudia «balioestea» dela argi utzi du. Behin liburua idatzita Uharte-Arakilera joan zenean, Martija de Jauregi bizi izan zen tokia, pertsonaia historikoarekiko hurbilpen handiagoa sentitu zuen, bereziki sendalarian oinarritutako erraldoiaren panpina ikusi zuenean, «gutxitan gertatu zaidan traszendentzia».
«Ez dakit irakurle asko izango dituen, baina liburu hau idatzi behar nuen», adierazi du Miren Agur Meabek nobela idatzi bitartean eta ondoren ere istorioarekin izandako harreman estua nabarmenduz. Gazteentzako historiaren garai honetaz gutxi idatzi dela esan du, eta gaztelaniara itzultzeko asmoa duela iragarri du.