Andoni Arabaolaza

Ainara Alcuaz eta Aitor Blancok Trail Running-eko Nafarroako Txapelketa irabazi dute

Berroetako Mendi Maratoi Erdiak jaso du hitzordu nagusi hori. Blancok, bigarren urtez jarraian, lortu du garaipena. Golden Trail Series zirkuituaren lehen etapan, berriz, Sara Alonso bigarrena izan da.

Irudian, Nafarroako Txalpeketaren podiumera igo ziren korrikalariak.
Irudian, Nafarroako Txalpeketaren podiumera igo ziren korrikalariak. (BERROETA MENDI LASTERKETA)

Ohi den bezala, trail running-eko lasterketek asteburu oparoa izan dute. Euskal Herrian, adibidez, hitzordu nagusi eta ofizial bat izan dugu: Nafarroako Txapelketa. Eskalada eta Mendi Kirolen Nafarroako Federazioak antolatutako probak Berroeta Mendi Maratoi Erdia izan du geltoki. 21,5 kilometro eta 1.275 metroko desnibela zituen ibilbidean Ainara Alcuaz eta Aitor Blanco azkarrenak izan dira.

Emakumezkoen lehiari dagokionez, aurreratu behar dugu Alcuaz oso sasoiko dagoela. Lasterketa oso sendoa egiteaz gain, erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Bigarren sailkatuari, Olatz Azazetari, zortzi minutuko aldea atera zion. Eta hirugarrenari, Ane Eltzaurdiari, ia hamabi.

Mutilen kategorian, berriz, lehia oso estua eta ikusgarria bizi izan zen. Imanol Kañamares eta Xabier Macias azken ibilbidearen zatira arte tropelaren buru joan ziren. Ion Sola atzetik zuten, eta Blanco laugarren postuan kokatu zen. Baina Saioako gailurretik igaro ondoren, Gartzaga eta Okolin arteko jaitsieran, Blancok bosgarren martxa jarri zuen. Erritmo oso azkar horri esker, aurretik zituen lehiakideak gainditu eta helmuga puntuan lehena izan zen. Macias bigarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 58 segundora. Kañamaresek hirugarren postuan bukatu zuen.

Alonso, bigarren

Euskal Herritik Japoniara egingo dugu jauzi; izan ere, sona handia duen Golden Trail Series zirkuitua herrialde horretan hasi delako. Kobe izeneko lasterketan, emakumezkoetan, bi euskal korrikalarik emaitza bikainak erdietsi zituzten: Sara Alonso bigarrena izan zen eta Malen Osa bosgarrena.

Lehen etapa horretan eliteko hainbat lasterkarik parte hartu zuten. Nesken kategorian, adibidez, Maude Mathys itzuli zen, eta erakutsi zuen indartsu dagoela. Lesio batetik errekuperatu berri da, eta, Japoniako ibilbide horretan giharretan mina sentitu bazuen ere, suitzarrak aukera izan zuen irabazteko. 2:52:08 denbora egin zuen, eta behin behineko sailkapenean lider jarri da.

Alonsok, berriz, argi utzi du zirkuitu hori helburu duela. Helmuga puntuan bigarrena izan zen irabazlearengandik sei minutura. Euskal korrikalaria pozik zegoen eginiko lanarekin: «Banekin oso sasoiko nengoela, baina onartu behar dut lehiakideen izenak irakurri nituenean top 5 horretan sartzea neure burua jarri nuela. Baina Sophia erretiratu zen eta Grayosn ez zegoen ondo. Une jakin horretan podiumarekin amesten hasi nintzen. Azkenean, bigarrena izan naiz, eta emaitza hori ikaragarri ona da».

Hirugarren postuan Theres Leboeuf frantziarrak bukatu zuen Alonsorengandik lau segundora. Osak goi mailako bosgarren postua erdietsi zuen.