
Klima babesleku bat garatu dute Azkoitiko Jausoron, herritarrak klima aldaketaren aurrean babesteko eta ingurumen jasangarritasuna sustatzeko asmoz. Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsak finantzatu du, 47.000 euroko aurrekontuarekin.
Jausoro klima aterpea espazio seguru eta erosoa izateko diseinatu da, herritarrek, batez ere biztanle kalteberenek, muturreko fenomeno klimatikoetatik babesteko aukera izan dezaten, hala nola bero-boladetatik. Aldi berean, ekosistemaren konektibitatea indartu da, ibaiko faunaren eta inguruko basoen arteko interakzioa erraztuz.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Naturklimako presidenteak eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak.
«Naturgune degradatuak leheneratzeko eta balio ekologiko eta sozial handiko eremu bihurtzeko ahaleginak nola batu ditzakegun erakusten duen adibide» gisa definitu du Asensiok Jausoro. Nabarmendu duenez, «Azkoitiko herritarren bizi-kalitatea hobetuko du, eta klima aldaketaren ondorioak arintzen ere lagunduko du».
18.790 metro karratuko azaleran
Azkoitiko birika berde hau 18.790 metro karratuko azaleran dago, baso mistoan eta aurrez degradatutako ibai-habitatetan, udalerria bizitegi, industria eta natura eremuekin lotzen duen eremu estrategiko batean. Proiektuak ingurune hori azpiegitura berde bihurtu du, basoak leheneratuz, biodibertsitatea hobetuz eta herritarrentzat espazio irisgarri eta jasangarriak sortuz.
Alkatea ere pozik agertu da proiektuarekin: «Bakoitzak bere tokitik, klima aldaketaren ondorio larriei aurre egiteko neurri posibleak hartu behar ditugu, eta Jausoroko klima babeslekua testuinguru horretan kokatzen den ekimena da, herritarrentzat gune berde berritua».
Birnaturalizazioa
Egindako ekintzen artean daude egoera txarrean dauden espezie aloktonoak moztea, haien segurtasuna bermatzeko zuhaitzak inaustea eta espezie autoktonoak landatzea, hala nola haritzak, pagoak, haltzak eta sahatsak. Era berean, lurzorua landare-lurrez indartu da, karbonoa biltegiratzeko gaitasuna areagotzeko.
Zuhaitzen sustraiak errespetatzen dituzten lur egonkortuko bideak ezarri dira, bide irisgarriak sortuz eta ingurune naturalarekiko interakzioa sustatuz.

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

Josu Urrutikoetxea recibe amenazas en Angelu con un lema de la Guardia Civil

La Red de Personas Torturadas de Euskal Herria exige nuevos pasos en su reconocimiento oficial

Declaran procedente un despido por no ir al trabajo tras cambiar la empresa las vacaciones
