Eskiak etorkizunik bai?
Aurtengo neguak lehen herena jan du, eta oraingoz denetik erakutsi digu: mendietan elur ederrak, euri dezente, hego haize zakarrak eta noizean behin eguraldi epelak. Pirinioetan abenduko egun batzuetan elur dezente izan zen eta goi mendietan zentimetro asko pilatu zen, eski estazioentzat onura ekarriz. Baina azken egun edo asteetan dinamika erabat aldatu da eta pilatutako elur geruza hori pixkanaka jaisten doa, eta txoko batzuetan, ez hain pixkanaka ere.
Berotegi efektuak kliman dakartzan aldaketen ondorioz, azken urteetan batez besteko tenperaturak igo egin dira, eta horrek neguak hain negu ez izatea ekarri du. Elurte gero eta gutxiago dago eta, horren ondorioz, eski pistetan elurrak bizirautea gero eta garestiagoa da.
Horrenbestez, negozio honen etorkizuna beltz samarra delakoan nago. Ez diot hemendik 5 urtera eski estazioek irekitzeko arazorik izango dutenik, baina bai itxura duela hemendik 10, 15, 20 urtera, dinamika berean bagoaz, hainbat eta hainbat estaziok itxiko dutela.
Momentuz, urtarrilean gauzak ondo direla, elurteren bat ikustea zaila izango da. Beraz, otsailak eta martxoak egoera aldatzen ez badute, aurtengoan ere eski estazioek nahikoa lan izango dute. Etorkizunak zuri kolorekoa beharko balu ere, beltz kolore handiagoa du.