Trump, zigorrik gabe kondenatu dute ezkutuko ordainketengatik
Edozein gaizkilek nahiko lukeen sententzia izan zuen atzo Donald Trumpek: kargu guztietan errudun izanda ere, zigorrik gabeko epaia jaso zuen. Hala ere, kondenatutako gaizkile gisa sartuko da Etxe Zurira Trump.
Ingelesez unconditional discharge izena du Juan Merchan epaileak Donald Trumpi ezarritako kondenak. Euskaraz, «baldintzarik gabeko lizentzia» edo «salbuespena» itzul liteke. Hau da, aintzat hartzen du joan den maiatzean herritarren epaimahaiak errudun jo zuela aho batez Trump, akusatuta zegoen 34 kasuetan. Baina sententzia ezarri aurretik, «beste edozein akusaturekin egiten den bezala», bestelako faktore batzuk ere kontuan hartu behar direla azpimarratu zuen Merchanek. Trump presidente izango denez, «faktore hori beste guztien gainetik dago». Izan ere, «Presidentetzaren prestigioa kontuan izan beharreko elementua da, kargu horretan dagoen pertsona edozein dela ere».
Ondorioz, praktikan inolako zigorrik ez dakarren kondena bat dauka Trumpek; «legezko babesak zabalak izanda ere, epaimahaiaren epaia ez da bertan behera geratzen», gogorarazi zuen Merchanek. Hau da, Trump ofizialki delitu batengatik kondenatuta presidente kargua hartzen duen lehen presidentea izango da. Ez du zigor zehatzik bete beharko, baina gaizkile kondenatu bat izango da Etxe Zurian.
Joan den astean iragarri zuen epaileak atzo irakurriko zuela sententzia. Ordutik, Trumpek sententziaren irakurketa geldiarazteko eskatu zion Auzitegi Gorenari. Honek ezetz erantzun zion herenegun. Auzitegi Goreneko bi epaile kontserbadorek, John Robertsek eta Amy Coney Barrettek, zehazki, hiru epaile liberalekin bat egin zuten eskea ukatzeko.
Trumpek, behingoagatik, epaileen ebazpena onartu zuen: «Irakurri dut, eta bidezko erabakia dela pentsatu dut». Baina sententziak motibazio politikoa daukala salatu zuen berehala: «Izan dezatela poztasun pixka bat aurkari politikoarekin».
JOAN DEN APIRILEAN ETA MAIATZEAN EGIN ZEN EPAIKETA NEW YORKEN.
Bertan, merkataritza-agiriak faltsutu izanaren 34 akusaziori egin zien aurre Trumpek. Zehazki, Stormy Daniels aktore pornoari 2016an ordaindutako 130.000 dolarrak ezkutatu izana leporatu zioten. Hamar urte lehenago izandako sexu-harreman baten berri ez emateko ordaindu izana salatu zuen Danielsek. Trumpen abokatu izandako Michael Cohenek salaketa berretsi zuen, Trumpek aginduta ordainketa berak egin zuela aitortuz. Isiltasun horri esker, kasua ez zen argitaratu 2016ko hauteskundeak amaitu eta Trumpek irabazi ostera arte.
Maiatz amaieran bertan adostu zuen herritarren epaimahaiak ebazpena, Trump 34 kasuetan errudun zela esanez. Epaileak sententzia hilabete beranduago emango zuela iragarri zuen, uda hasieran. Baina Auzitegi Gorena beste zenbait ebazpen ematen hasi zen, presidentearen immunitateari dagozkionak. Kasu honetan, baina, delituak Trump Etxe Zurira iritsi aurrekoak dira. Gero hautagaitza eta kanpainaren zurrunbiloa iritsi zen, eta Merchanek behin eta berriz atzeratu zuen sententzia.
Udaberrian epaiketa hasi zenean, Trumpen aurkako kasuetan larritasun txikienekoa zela aipatu zen. Beste akusazioek hauteskundeetan iruzurra egiten saiatzea edo Kapitolioaren aurkako erasoaren arduradun izatea egozten zioten. Are gehiago, presidente zela egindako ustezko delituak ziren. Baina instrukzioak luze jo zuen, presidente ohiaren abokatuek ahal beste atzerarazi zuten, eta Auzitegi Gorenak udan emandako ebazpenak erabat mugatu zituen kasuak. Zernahi zela, argi zegoen hauteskundeak igaro arte ezingo zirela epaitu, betiere Trumpek galduz gero. Irabazi zuenez, errekan behera joan dira kasuak. Eta New Yorkeko epaiketak eta sententziak are garrantzi handiagoa hartzen dute, Trump ofizialki gaizkile izendatzen duen epai bakarra delako.
KONPONBIDE-SENTENTZIA
Beste instrukzioak epaiketarik gabe etenda, errudun jo zuten kasu honekin zer egin ez zegoen argi. Azkenean, Juan Merchan epaileak iragarri zuen konponbide bideragarriena bilatuko zuela, espetxealdirik edo isunik gabe. Trump ez zen atzo auzitegian egon, bideokonferentziaz ikusi zuen sententziaren irakurketa.
Joshua Steinglass fiskalak hasi zuen atzoko saioa. Epaiketaren zilegitasuna higatzeko kanpaina koordinatua burutzea eta «justizia kriminalaren sistemaz dagoen pertzepzio publikoari kalte» egitea leporatu zion Trumpi. Presidente izendatzeko zorian dagoela ikusita, Fiskaltzak onartu zuen kasua itxi beharra dagoela.
Tedd Blanche Donald Trumpen abokatuak, berriz, epaia kritikatu zuen: «Kasu hau sekula ez zela epaitu behar, eta estatubatuar gehienak ere bat datoz. Egun tristea da Trump presidentearentzat, eta haren lagun eta senideentzat, eta egun tristea da herrialde honentzat ere».
Merchan epaileak, orduan, hitza hartu nahi zuen galdetu zion Trumpi. Epaiketa hasi zenetik lehenengoz baietz esan zuen. «Esperientzia izugarria» izan zela esan, eta «guztiz errugabea» zela berretsi zuen. Saioa amaitzeko, Merchan epaileak zorte ona opatu zion Trumpi bigarren agintaldirako.
Auzitegiko adierazpenen ostean, bere sare sozialean gogor kritikatu zuen Trumpek «sorgin-ehiza». «Gaurko ekitaldia fartsa arbuiagarria izan da», salatu zuen. Zigorrik gabeko kondena ere zeinen mingarri zaion agerian uzteko, Trumpek iragarri zuen «iruzur horri helegitea jarriko» diola.