NAIZ
Donostia

EH Bildu eta EH Bairen topaketa munizipalistak, martxoaren 22an Azpeitian eta Angelun

EH Bilduk eta EH Baik Konferentzia Munizipalista antolatu dute datorren martxoaren 22rako, Azpeitian lehenak eta Angelun bigarrenak. Nazio eraikuntzari udalgintzatik egin ahal zaion ekarpena aztertu eta udal esperientzien trukaketa egingo dute.

Onintze Oleaga eta Xabi Thicoipek aurkeztu dute EH Bilduren eta EH Bairen Konferentzia Munizipalista.
Onintze Oleaga eta Xabi Thicoipek aurkeztu dute EH Bilduren eta EH Bairen Konferentzia Munizipalista. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Onintze Oleaga EH Bilduren politika munizipalistako arduradunak eta Xabi Thicoipe EH Baiko politika instituzionaleko arduradunak agerraldia egin dute Donostian, Azpeitian eta Angelun egingo dituzten jardunaldiak aurkezteko.

Hala, biek ala biek egun berean Konferentzia Munizipalista antolatuko dutela iragarri dute. Martxoaren 22an egingo dute, EH Bailduk Azpeitian eta EH Baik Angelun. Bertan «nazio eraikuntzari udalgintzatik egin diezaiokegun ekarpena» aztertu eta udal esperientzien trukaketa egingo dute.

Azaldu dutenez, EH Bilduren kasuan Konferentzia Munizipalista hau III. Kongresuaren biharamunean izango da. Koalizioarentzat, udal politika eremuak «balio estrategikoa du nazio eraikuntza eta eraldaketa prozesuak behar duen behetik gorako bulkada sortu eta ernatu dadin».

III. Kongresu honetan nazio auzia jarri du erdigunean. «Euskal Herriko Errepublika konfederala helburu herri prozesu demokratiko bat martxan jartzeko, hirugarren nazio eraldaketarako prozesua piztea dugu datozen hilabete eta urteetako lana», esan du Oleagak.

Ildo horretan, «jauzi bat egin» eta EH Bilduk eta EH Baik batera ospatuko dute Konferentzia Munizipalista. «Ezker subiranismoak mugimendu munizipalista oso bat eratzen du. Ezker subiranismoa da Euskal Herriko zazpi herrialdeak munizipalismotik lantzeko aukera duen indar politiko bakarra, gure nazioa munizipalismotik marrazteko baliabideak dituen euskal indar politiko bakarra», nabarmendu du.

Gogoratu duenez, errealitate ezberdinen gainetik, ezker subiranismoak «tradizio munizipalista handia du mugaren bi aldeetan», eta herriz herri egiten duen lanak «Euskal Herriko lehen indar munizipalista izatera» eraman du.

Oleaga eta Thicoiperen esanetan, ezkerreko independentismoak beste alkatetza bat gehiago lortu izana –Ahetzekoa– ospatzekoa dela adierazi dute.

Bien esanetan, Euskal Herrian udalgintzak «balio estrategiko propioa» izan du, Lizarrako Estatututik hasi, 77ko alkateen mugimendua, Udalbiltza... eta egungo testuinguru politikoan ere, «hiru eremu administratiboetan irekiko den estatus politikoaren gainditzean», udalgintzak garrantzia berezia izango duela uste dute.

Ipar Euskal Herriarentzat erabakimen gehiago

EH Bairen kasuan, oroitu dute Ipar Euskal Herrian iragan ziren 2020ko herriko bozetan ezkerreko abertzaletasunak «aitzinamendu garrantzitsua» egin zuela, lehen aldikoz herriko etxe berriak lortuz. Ondorioz, Euskal Elkargoan ordezkaritza handiagoa izanik, ezkerreko hautetsi abertzaleek lurralde mailako politiketan egin ekarpena «erabakigarriagoa» izan da azken urte hauetan.

Etxebizitzaren auzia aipatu du bereziki Thicoipek; EH Bai arazo «larri» horren aurrean beste eragileekin batera «karrikan eta lurralde zein herri mailako instituzioetan lehen lerroan» dela gogoratu du, «etxebizitza duina herritar guziei bermatzeko aldarrikapenak eramanez eta politika publikoak bultzatuz».

EH Bairentzat, egun bizi dugun krisi testuinguruan, Ipar Euskal Herriaren erabaki gaitasuna «oso mugatua» izaki, ondoko erronketako bat «erabakimen ahalmen eta eskumen gehiago emango dizkigun instituzio bat lortzea» da.

Horregatik, 2026an iraganen diren herriko bozak eta horren ondorioz Euskal Elkargoaren osaketa berria «lehentasunezko erronka» dira indar abertzalearentzat. Martxoko topaketak erronka horri erantzungo dio.