NAIZ

Eraginkortasunean eta ordezkagarritasunean irabazteko plan estrategikoa abiatu du EAk

«Eraginkortasunean eta ordezkagarritasunean aurrera egiteko» plan estrategikoa abiatu du Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak.

Eba Blanco, EAko idazkari nagusia, hauteskundeetako EH Bilduren kanpaina ekitaldian, iazko apirilean.
Eba Blanco, EAko idazkari nagusia, hauteskundeetako EH Bilduren kanpaina ekitaldian, iazko apirilean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Eusko Alkartasuna (EA) bere bizitzaren «momentu erabakigarrienetako batean» dagoela, plan estrategikoa abiatu du, «egunerokotasuneko eraginkortasunean eta ordezkagarritas politikoan ere aurrera egiteko Euskal Herrian». Alderdiaren zuzendaritzak bultzatu du plana eta hainbat fase aurreikusten ditu. Ondorioak militantziarekin elkarbanatuko dituzte 2026ko ohiko kongresua baino lehen.

Eba Blanco EAko idazkari nagusiak azaldu duenez, «autokritika eraikitzailean oinarrituta, alderdiaren errealitate sozialari zein herrialdearen errealitate politikoarekin eguneratuta ez dauden dinamiken inertzia behin betiko aldatzeko garaia dela» erabaki du zuzendaritzak. 

«Argi dago ez dugula beste garai batzuetako indar politiko berdina, baina euskal gizarteari zer esan badugula uste dugu eta horrekin tematuta gaude», gaineratu du Blancok.

EAren helburua da «ezkerrean pausoa markatzea da, sozialdemokrazia eraldatzailetik eta alderdiak historikoki mantendu duen bakearen defentsa eta indarkeria guztien biktima guztien eskubideen aitorpenetik».

«Nola ez, Eusko Alkartasunak langile klasea zainduko du, baita enpresak, ETEak eta langile autonomoak ere. Hauek ere Euskal Herria dira. Eta, nola ez, argi defendatuko dugu edozein motatako indarkeriak, datorren lekutik datorrela, ez duela zentzurik, ez justifikaziorik. Zentzu honetan pausoak emateke daude oraindik eta bide horretan laguntzeko prest gaude», adierazi du Blancok.

EH Bildurekin bateragarria

EAk abiatu duen prozesua EH Bilduren parte bezala jokatzen duen paperarekin «guztiz bateragarria da, Blancok nabarmendu duenez. «Argi dago EH Bildu dela gure helburu amankomuna lortzeko aukera gehien dituen tresna politikoa; eskubideetan berdinak izango diren pertsona librez osatutako Euskal Errepublika, alegia. Hortaz, mugimenduarentzat ahalik eta eraginkorrena izango den agente politikoa izan behar gara».

Idazkari nagusiak ohartarazi du EA ez dela desagertuko, «askok bestela gertatzea nahi badute ere». Plan estrategikoaren helburua, hain zuzen ere, kontrakoa da. «Agente politiko autonomo bezala EH Bildu osatzen dugun alderdiok paper erabakigarria izaten jarraitzen dugu gaur egun, bai komunitatearen barnean zein kanpoan, eta planteatzen dugun erlazionatzeko modu berriarekin guztiz bateragarria da hori. Eusko Alkartasunaren influentzia maila aukera politiko mamitsu bat eskaintzeko gaitasunean oinarritu eta justifikatu behar da», ondorioztatu du.