
Ostiralean Argentinako Gobernuak jakitera eman zuenez, Javier Milei presidenteak genero arrazoiengatik emakumeen hilketen zigorra larriagotzen duen «feminizidio» figura Zigor Kodetik kendu nahi du.
Emakumeen aurkako indarkerian, haurtzaroan eta pertsonen salerosketan espezializatutako La Casa del Encuentro erakundearen arabera, Argentinan 2024an indarkeria matxistaren 318 biktima izan ziren, 27 orduro bat, eta 343 seme-alaba amaz umezurtz geratu ziren.
«Argentinako Zigor Kodean feminizidioaren figura ezabatuko dugu. Administrazio honek berdintasuna defendatzen duelako gure Konstituzio Nazionalean ezarritako legearen aurrean. Bizitza bakar batek ere ez du beste batek baino gehiago balio», esan du Mariano Cuneo Libarona Justizia ministroak X sarean.
Javier Mileiren ustez, feminizidioak «emakume baten bizitzak gizon batena baino gehiago balio duela legeztatzen du». Hala adierazi zuen ostegunean Suitzan Munduko Ekonomia Foroan emandako hitzaldi batean.
Figura hau 2012an ezarri zen, baina ez esplizituki, Argentinako Zigor Kodearen 80. artikulua aldatu zuen lege baten bidez, genero indarkeria tarteko emakume bat hiltzen duen gizon baten jokabidea modu larriagoan kriminalizatzeko.
Gaston Francone abokatu penalistak AFPri azaldu dionez, «emakume bat hiltzeak ez zaitu zuzenean feminizidioan sartzen, emakumea izateagatik hil behar duzu».
«Larriagotze hori desberdina da gizon bat gizona izateagatik hiltzea baino», esan du Franconek, eta adierazi du larrigarririk gabeko hilketa baterako gehienezko zigorra 25 urtekoa dela, baina feminizidio batengatik jasotako betiko espetxealdia 50 urtekoa izan daitekeela.
Feministen erantzuna
Argentinako erakunde feministak eta giza eskubideen aldeko erakundeak Milei presidenteak egindako adierazpenen aurka agertu dira eta «diskriminatzailea, homofoboa eta ukatzailea» dela esan dute.
«Baieztapen horiek, Argentinako Zigor Kodetik feminizidioaren figura juridikoa ezabatzeko asmoarekin batera, ikusezin bihurtzen dituzte emakumeek eta neskek jasaten dituzten indarkeria ugariak», adierazi du Aralma giza eskubideen eta haurren babesaren aldeko elkarteak ohar batean.
«Feminizidioetan amaitzen den muturreko indarkeria ez da krimen arrunta, baizik eta genero osagai espezifikoa duten delituak, aitortu eta jorratu beharrekoak», gaineratu dute.

La alcaldesa de UPN plantea una acusación de cuatro años de cárcel para Raimundo el Canastero

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

Mural de Pepe Mujica en un barrio obrero de Montevideo: «Somos los herederos de su legado»
