
Fay Manners eta Katie Keely britainiarrek Kirgizistanen egin zuten espedizioa berreskuratuko dugu. Bi eskalatzaileok oso zailduak dira hormatzarretan, eta aipatu dugun hori argi eta garbi utzi zuten joan den udaran eginiko bidaian. Karavashineko mendilerroan dauden murru luze ezberdinetan gaitasun bikaina erakutsi zuten; izan ere, denera, lau ibilbide igo zituzten. Asan, Little Asan eta Errusia Dorrean, denera, ia hiru kilometroko eskalada egiteko gai izan ziren. Sasoia eta eraginkortasuna, horiek dira espedizio horretan azpimarratzeko ertz garrantzitsuenak.
Keeley-k aurreratu du Kirgizistanera eginiko espedizioaren lehen urratsak ez zirela batere baikorrak izan. Batetik, hasierako bidaidea, Alma Esteban, azken momentuan etxean geratu zen. Espedizioa bertan behera gertatzeko zorian zegoenean, Manners batu zitzaion: «Bi emakumeez osatutako sokada bat ginen, eta gure helburu nagusietako bat zen inguruko ibilbide zaila batzuk bistan eskalatu; besteak beste, 'Perestroika' eta 'Alperin'. Marra berriren bat sortzea ere gure xedea zen, baina hainbat eiterengatik asmo hori baztertu genuen: bizkar-zaku bat ez zen hegazkinean iritsi, nik covid-a harrapatu nuen, arrokaren kalitatea eskasa zen eta bidaiaren bigarren zatian klimak txarrera egin zuen. Alabaina, oso pozik gaude abentura horretan bizi izan genituen uneekin».
Bi eskalatzaileok pronto ziren Ak-su eta Kara-suko haranetan dauden pareta luzeetan lehen urratsak egiteko. Lehen aldia zuten 'Patagonia asiarra' bezala ezagutzen den urruneko inguru horretako hormetan. Bazekiten klima ez dela batere egonkorra, eta, gainera, mendi horiek garaiak dira; 5.500 metrora heltzen dira.
Hari mutur guztiak lotu behar zituztenez, lehenik eta behin alderdi horretako geografia ondo baino hobeto ikertu zuten. Google Earth, mapa errusiarrak eta Alpine Journal lagun izan zituzten. Hurrengo lerrootan, berriz, Keely-k hormatzar ezberdinetan eginiko eskaladen berri emango digu.
Kirgizistan
«Hasteko eta behin, Kara-suko haranean dagoen eskalada tradizionaleko 'Alperin' bidera (6c+, 900 m) abitu ginen. Asan mendiko (4.230 m) marra hori oso ezaguna da artesi zabalak dituelako. Nik estilo horretan ia ez dut eskarmenturik, baina erronka bezala hartu nuen. Goizeko 5etan eskalatzen hasi ginen. Lehen luzeak errazak ziren, eta, gainera, arroka ona zuten. Artesi sistemaren oinarrira heldu ginen. Lehen metroetan eskuek eta eskumuturrek lan handia egin zuten.
«Ondoren, artesia zabaltzen joan zenez, zailtasunak handitu ziren. Babestu ez zitekeen tximinia batzuetan gogor borrokatu behar izan genuen. Hala eta guztiz ere, eskalada bikaina zen. Bederatzigarren luzean nahastu nintzen. Konturatu gabe, Fay-k aurrera jarraitu zuen eta 60 metroko luze bat egin eta gero, arroka oso txarrean, bilera bat antolatu zuen. Atzera egin ordez, ukitu gabeko sekzio batzuetan sartu ginen. Eskalada ona zen, baita arriskutsua ere.
«Hemezortzi orduko eskalada generaman, eta, gauarekin batera, hamaiketan bibaka egitea erabaki genuen. Bizpahiru luze geratzen ziren tontorrera heltzeko, baina oso nekatuta geunden eta erlaitz batean bibaka egiteko garaia heldu zen. Gau oso txarra igaro genuen, besteak beste, erabat deshidratatuta geundelako. Egunsentiarekin eskalatzen hasi ginen. Gorputzak minduta genituenez, ez zen batere erraza izan aurrera jarraitzea. Ertz batek gailurrera eraman zigun: ikuspegiak ederra ziren oso!
«Bestalde, jaitsieran buruhauste asko izan genituen: kosta egin zitzaigun lehen rappela aurkitzea, ibilbidearekin nahastu ginen… Buruak eta gorputzak astindu ederra hartu zuten, baina, zorionez, oinarrizko kanpalekura onik heldu ginen.
«Haran horretatik irten gabe, gure bigarren igoera egiteko prest ginen; berriro Asan mendian. Gure xedea zen bide berri bat sortzea. Hormaren ezkerraldean kokatu ginen, eta lehen luzeek horma nagusian dagoen zutoin eder batera eraman ziguten. Nahiz eta eskalada arriskutsua zen, arroka onean, luze bikainak gainditu genituen. Oro har, maila gorena 7b+ izan zen. Tresneria gutxi generaman zailtasun horiek segurtasunez gainditzeko, eta bide batez onartu behar dut geure buruak babestea zaila izan zela oso.
«Eskalada honek buruari asko eragin zion; murru erraldoi horretan ibilbide egokia bilatzea ez zen batere erraza. Azken zatian, berriz, artesi luze bat tximinia zabal batean bihurtu zen. Amaiera zirraragarria! Aurreko eskaladan bezala, erlaitz batean bibaka prestatu genuen. Biharamunean oso nekatuta altxatu ginen. Bost luze egin eta ertza zain genuen. Baina gailurra ezagutzen genuenez eta gure egoera eskasa zenez, rappelatzea erabaki genuen. Azkenean, 900 metroko eskalada egiteko gai izan ginen australiarren aldaera eta 'Poglov' bidea lotuz.
«Kara-suko harana atzean uzteko azken egunean eta eguraldi iragarpen ezegonkor batekin eskalada labur bat egitea otu zitzaigun: Little Asaneko (3.900 m) 'Al Kalpak' (8a+/E7). Motzagoa bai, baina zailtasunean gogorra. Aldeko beste eite bat zuen: bide osoa rappelatzen da.
«Hotz handia egin zuen, eta hori bileretako egonaldietan asko sufritu genuen. Marraren lehen giltza asko gustatu zitzaidan. Artesi estu horietan orekari eustea zaila zen. Luze batean eroriko bat izan nuen, baina bigarren ekinaldian arazorik gabe gainditu nuen. Bigarren giltza ezberdina zen: zeharkaldi basati bat. Pendulu bat egin ondoren, mugimendu tekniko batzuetan estutu eta hala nola luzearen amaieran nengoen. Bidearen zailtasun gogorrenak sinatu ondoren, erabat izoztuta, rappelatzea erabaki genuen.
«Gure laugarren eta azken eskalada beste haran batean egin genuen: Ak-sun. Errusia Dorreak (4.240 m) sona handiko bide bat du: 'Perestroika' (7a+, 818 m). Nahiz eta eguraldia nahiko nahasia zen, gure motxila astunak bete eta marraren oinarrira eramaten duen aldapa desatseginean sartu ginen. Gure lehenbiziko plana zen ekinaldi batean igotzea. Euriarengatik asmo hori baztertu genuen.
«Lehen luzeak zailak ziren, baina, ondoren, artesi eder batzuek eskalada zoragarri batean murgildu ziguten. Artesi amaiezin horretan asko gozatu genuen; luze errazetan zein zailetan. Glasnot izeneko bibakera arratsaldeko ordu batean heldu ginen. Euria egingo zuela iragarri zutenez eta marra horretan arrakasta lortu nahi genuenez, han geratu ginen. Erabaki zuzenena izan zen; ordu bietan euriak bisita egin zigun. Lehen tantak euri zaparrada batean bihurtu ziren. Gure atzetik zeuden eskalatzaileak erretiratu ziren, eta goitik zeudenekin arduratuta geunden.
«Zorionez, arratsaldeko lauretan atertu zuen. Eguzkiak lagunduta, erlaitz horretan zeuden beste eskalatzaile batzuk rappelatzen hasi ziren. Guk, ordea, han geratzea erabaki genuen. Gaua nahiko erosoa izan zen. Biharamuna, aldiz, oso desatsegina: hotza eta haizea. Gogor borrokatu behar izan genuen offwidth gogorrean zein bideak dituen 7a+ mailako bi giltzetan. Biak ala biak ederrak dira!
«Nahiz eta euri tanta batzuk azaldu ziren, aurrera jarraitu eta gailurra zapaldu genuen. Onartu behar dut zailtasun teknikoak baino askoz ere zorrotzagoa izan zela klima gaiztoa. Gauez rappelatu, erlaitzera heldu eta bibaka prestatu genuen. Ez zen erabaki zuzen bat izan: inoiz bizi izan dudan gau haizetsuena izan zen! Ez genuen lorik egin. Lasaitasun guztiarekin, biharamunean rappelatzen jarraitu genuen».

La alcaldesa de UPN plantea una acusación de cuatro años de cárcel para Raimundo el Canastero

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

Mural de Pepe Mujica en un barrio obrero de Montevideo: «Somos los herederos de su legado»
