
Gasteizko Auzolan pilotalekuan eraman du bere agerraldia astearte honetan Palestinarekin Elkartasuna plataformak, jakina den moduan otsailaren 7an, Saski Baskoniak Tel Avivko Maccabi talde israeldarraren aurka jokatu behar duen Euroligako partida bertan behera uzteko eskatuz beste behin. Eskaera hori berrituz manifestua irakurri dute eta hor egon da alderik handiena aurreko agerraldiekiko, plataforma ez baita bakarrik egon, inondik ere.
Manifestua sinatu dutenen artean Euskal Herriko 40 saskibaloi klub eta talde izan dira, baina baita Gasteizko 65 eragile politiko eta sozial ere, edo Baskoniako zaleen taldeak eta kirol munduko 91 pertsona ezagun. Guztiek bat egin dute Israelgo Maccabi saskibaloi taldeak otsailaren 7an jokatzekoa duen partida bertan behera uztea exijitu dute.
Hala, izen propioak esaten hasita, beste hainbaten artean CDB Siberia Gasteiz, Mariturri GE, Laudioko Sugarrak, Iraurgi Azkotiko gizonezkoen saskibaloi talde seniorra, Indar Baskonia Hintxa Taldea, Bilbao Basketeko Hirukoa zaleen taldea, Alaveseko Iraultza 1921 peña; Joseba Ezkurdia, Oinatz Bengoetxea edo Iñaki Artola pilotariak, Alex Txikon alpinista, Asier Martinez Europako atletismo txapelduna 110 metro hesietan, Gorka Izagirre txirrindulari ohia, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidente ohia, Lointek Gernika Bizkaiako Irati Etxarri, Marta Alberdi, Naia Zubiaga, Awa Fam, Maya Dodson eta Mikayla Pivec jokalariak, Juan Vallejo alpinista, Nerea Pena eskubaloi jokalari ohia, Urdaibai, Orio, Zumaia, Donostiarra, Santurtzi eta Getaria Arraun Elkarteetako 30 arraunlari baino gehiago; Araba Bizirik, Ekologistak Martxan, Salhaketa Araba, BDZ Araba, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Gasteiz antirracista, Gasteizko Talde Antimilitarista; auzo elkarteen artean, besteak beste, Gasteiz Txiki, Judimendukoak, Salburua Burdinbide, Zazpigarren Alaba eta abar luze batek beren atxikimendua eskaini dio Palestinarekin Elkartasuna plataformari.
«Aurpegia garbitu»
Batez ere, «Israelgo erregimenaren nazioarteko irudi publikoa kolokan dagoen honetan, erregimen kolonialaren administrazioarentzat inoiz baino ezinbestekoagoa» dela azpimarratu dute plataformako kideek, «normaltasun irudia saltzea mundu mailan».
Hain zuzen, manifestuan garbi azaldu da Maccabi bezalako kirol eragileen presentzia nazioartean, izan ere «erregimen kolonialeko administrazioak mundu mailako foroetan arte, musika, kultura, hezkuntza zein kirol munduko ordezkari israeldarren presentzia sustatzen du, erregimenaren irudi publikoa garbituko dutelakoan».
Oroitarazi dute Maccabi saskibaloi taldeak Israelgo armadaren aldeko publizitate kanpainetan «paper garrantzitsua» jokatzen duela, eta nazioarteko Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainaren jomugan dagoela, «erregimen kolonialeko lehen mailako enbaxadorea baita».
Gasteizko herriak «aspaldi erakutsi» duela «palestinar herriaren borrokaren aldeko jarrera konprometitua Israelgo ordezkaritzak hiria bisitatu duen guztietan», adierazi dute. Hala ere, oraingoan hori «ez dela nahikoa» aldarrikatu dute.
«Gasteizko eta Arabako erakunde publikoei zein Baskonia klubari exijitzen diegu otsailaren 7an Gasteizen jokatzekoa den Baskonia eta Maccabiren arteko partida bertan behera utzi dezatela», nabarmendu dute, beste behin.
Beraz, partida egunerako manifestazio nazionala berretsi Gasteizen, «Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora» lelopean. 18.30etan abiatuko da Iparralde gizarte-etxetik.
Alor guztietan eten beharra
«Horrelako ekimenek erregimen israeldarra presionatu dezakete genozidioa gelditzeko», azpimarratu dute ildo horretan eta hori lortzeko «mobilizazioaren eta antolakuntzaren bidetik» lan egitera deitu dute.
Pasa den azaroan Euskal Herrian Israelekin dauden «harreman guztiak etetearen» aldeko kanpaina bat abiarazi zuen plataformak, agerraldi publiko batean zehaztu zuen moduan, «Israel desegitera bidean» eta «Palestinaren deskolonizazioa ahalbidetzeko» ezinbesteko pausu bezala.
Harreman horiek mota askotakoak direla zehaztu dute, «militarrak, komertzialak, politikoak, kulturalak eta kirol arlokoak», eta askotarikoak direla inplikatutako dituzten eragileak. Dei egin zuten «guzti horien aurkako borrokak abiatzera», haien hitzetan, «hori baita palestinar herriari egin diezaiokegun ekarpen nagusia».

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
