
ALTUNA III-BUKUÑA 22
ARTOLA-MARIEZKURRENA II 12
Altunari «Aztia» ezizena jarri zionak bete-betean asmatu zuen. Igande honetan, Bikuña bizkartzain lanetan hartuta, egundoko astindua eman die Artola eta Mariezkurrena II.a bezalako bikote gogor bati. Final-laurdenetarako txartela garaipen bakarrera geratu zaie garaipen honen ostean, Amezketakoak magia sesio itzela eskaini ostean.
Magia gorria eta magia beltza. Izan ere, errematean Amezketakoak eman duen erakustaldia sekulakoa izan da, berdin partidaren martxa agintzerakoan ere. Baina batik bat urdinei eragin dien beldurra, izua, ikara... ez sinestekoa izan da. Artolak jokoan bi tanto egin ditu bakarrik eta Altunaren aurrean pilotari ñimiño baten traza erakutsi du, beste askotan erakutsi duen indarra eta kemenaz oso urruti Mariezkurrena bikain hasi da, Bikuña erreboteko hormaren kontra iltzatuz, baina atzelari nafarra ere beherantz joan da apurka, Altunaren erakustaldiaren aurrean burua makurtuta.
Eta Altunaren magiak Bikuña bera ere kutsatu du. Donostiarrak 21-12ko tantoa pilota errebotean sartuta amaitu du eta Arangureni inork espero baino errelebo hobea eman dio.
Emaitza honi esker, bada, Peña II.a eta Albisu gainditu dituzte Altunak eta Arangurenek eta zazpigarren postu hori saihesteko egundoko borroka izanfgo da falta diren bi jardunaldietan. Zentzu horretan, bosgarren garaipena larunbatean pilatu zuten Jakak eta Imazek ere ezin lorik hartu, azken orduko disgusturik ez izateko.
Aurreneko postuei begira, Laso eta Iztuetak bezala, Ezkurdia eta Rezustak ere pozik ikusiko zuten Bilbon gertatu dena, garaipen bakarrera geratu zaielako finalerdietara zuzenean sailkatzea.
Defentsatik erasora
Dirua harrika izan omen da urdinen alde partida hasi aurrerako –jokoa ez dela errenta, jaun-andreak!–, baina gorriek askoz zentratuago ekin diote. Altunaren tantoa saketik eta hankasartze bana Artolak eta Mariezkurrenak, erreboteko zuloraino pilota bidalita Berriozarko atzelariak urdinen aurreneko hatzaparkada eman aurretik.
Urdinek atera duten pilota, berriz, Mariezkurrenak arin «bedeinkatu» du, Bikuña, Arangurenen ordezkoa atzeko koadroetan, erreboteko hormara arin baino arinago itsatsi baitu. Artolari gehiago kosta zaio partidan lekua egitea eta gorriek sakea berreskuratzeaz bat, Altunaren magiak markagailua berriz ere gorrien alde irauli du nabarmen. «Defentsan aritzera mugatzen bagara ezingo dugu irabazi, eta ahal dela erasora jokatu beharko dugu», adierazi du partida hasi aurretxoan Amezketako aurrelariak, eta baita esandakoa betetzen ahalegindu ere.
Artolari hortzak erakutsi dizkio Amezketakoak eta Alegiakoa ez da Altunaren erauntsiari erantzuteko gai izan. Partidak aurrera egin ahala, gainera, Altunari iheska bezala aritu da, jokoa atzean kargatu nahian, baina aurrean ezer askorik egin gabe. Mariezkurrenak galantak eman ditu eta bost tanto amaitu ditu –bere aurrelariak, sakez egin dituen tantoak barne, baino bat gehiago–, baina 12-9tik aurrera partida mila puskatan hautsi da.
Suziriaren pare
Markagailua 11-9 zela ezker gantxoz tantoa sartzeko aukerako pilota izan du Artolak, baina bere errematea oso baldarra izan da eta Altunak arazorik gabe eramatez gain, tantoa bere aldera irauli du eta aurreneko atsedenaldia 12-9 aurretik harrapatu dute gorriek.
Handik aurrera, berriz, Altunaren magiak urdinak direna baino askoz gutxiago izateraino sorgindu ditu. Piloteoan nagusi bai, baina eraginkortasunik gabe, eta gero eta deserosoago aritu dira Altunak tantoari erritmoa aldatu dion bakoitzean.
Arrasaten aurreneko itzulian 17-4koari buelta emateko gai izan ziren Artola eta Mariezkurrena, Berriozarko atzelariak bi hormakoa jotzen atzera ematen bezain ongi badakiela erakutsi zuen dema hartan. Baina igande honetan halako miraririk ez da izan, Altunak ez baitu onartu Dantzan erabili ditu partidaren bigarren erdi horretan eta azken orduan Bikuñari behera ihes egindako pilotakada pare bat kenduta, gorriek nahi bezala eraman dute dema. Urdinek, bestalde, aurreneko bi postuetan amaitzeko aukera handia atzean laga dute eta, tira, pentsatzen jarrita, final-laurdenetan deskuiduan berriz ere Altuna egokitzen bazaie aurrean, Miribillan erakutsi dutena baino kemen handiagoz jokatu beharko dute; erruki bestela, Altuna aztiaren aurrean jartzen badira.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena: 53.54 minutu. Pilotakadak: 383. Sakez tantoak: 5 Altunak eta 2 Artolak. Tantoak jokoan: 9 Altunak eta 1 Bikuñak; 2 Artolak eta 5 Mariezkurrenak. Galdutako tantoak: 1 Altunak eta 2 Bikuñak; 2 Artolak eta 5 Mariezkurrenak. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-2, 5-2, 5-3, 5-4, 7-4, 7-5, 7-6, 11-6, 11-7, 11-9, 12-9, 17-9, 17-10, 20-10, 20-12, 22-12. Gorabeherak: Binakako Txapelketaren hamabigarren jardunaldiko neurketa, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Dirua nabarmen urdin. Aurreneko sakea, gorri.

El impacto medioambiental de la IA generativa, en cinco cifras

¿Quiénes son los grandes actores de la inteligencia artificial en el mundo?

El piso incendiado en Donostia estaba habitado por una mujer que guardó toneladas de basura

237 artistaren babesa jaso du Raimundo El Canastero taldeak, epaiketaren atarian
