NAIZ

Donostian babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko akordioa iragarri dute

«Hau hasiera baino ez dela» nabarmendu du Denis Itxaso sailburuak, Donostian babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko Udalarekin lortu duten akordio «historikoa» jakinarazi duenean.

Donostian babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko hitzarmena egin dute Lakuak eta Udalak.
Donostian babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko hitzarmena egin dute Lakuak eta Udalak. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak eta Donostiako Udalak Gipuzkoako hiriburuan babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko «akordio historiko bat» lortu dutela adierazi dute igande honetan. Egitasmoa posible egiteko, hamabi udal lurzati laga dizkio Donostiak Exekutiboari, hirian «gero eta handiagoa den etxebizitza eskariari erantzuteko».

Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxasok erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta aitortu duenez, «argi dagoena da erakundeen arteko egungo lankidetzaren erritmoa eta maila, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitzeko, ez zela nahikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-zorroa eskuratu eta berehala egin genuen lehen diagnostikoa dela».

Akordioak hiriko lursail estrategikoetan etxebizitzak sustatzea aurreikusten du, besteak beste, Auditz Akularren, Loiolako Kuarteletan, Txomin Enean, Martutenen eta Easoko Playa de Vias-en.

Jarduera horiei esker, Etxebiden erregistratutako alokairuko etxebizitza babestuen 7.000 eskatzaile ingururen zati handi bati erantzun ahal izango zaiola nabarmendu du Lakuak ohar bidez.

«Inoiz ez da horrelako plangintzarik onartu bi erakundeen artean. Donostian alokairuko babes ofiizialeko etxeen ia 7.000 eskatzaile ditugula Etxebiden erregistratuta kontuan hartuta, Udalarekin adostutako ibilbide-orri honek eskariaren ehuneko oso altuari aurre egiteko aukera ematen digu», nabarmendu du Itxasok. «Eta hau hasiera baino ez da», gaineratu du.

Legealdia hasi zenetik, Gobernuak eta Donostiako Udalak etxebizitzaren arloko ahaleginak areagotu egin dituztela azpimarratu du sailburuak, ikuspegi partekatu batekin: «hiriko etxebizitza babestuen parkea nabarmen handitzea».

«Behin eta berriz errepikatu dugunez, etxebizitzaren arazoak konponbidea du, eta akordioa eta ituna dira benetako asmo handiko helburuak lortzeko bide bakarra», adierazi du Itxasok.

Lakuak, Imanol Pradales lehendakariaren eta Itxaso sailburuaren bitartez, hirigintza-izapideak arintzeko borondatea adierazi du, proiektu horiek ahalik eta lasterren gauzatu ahal izateko.

«Orain erritmoa ezarri behar diegu hirigintzako izapideei, administrazioen arteko funtzioen banaketari eta proiektu eta obren lizitazioari», ziurtatu du Itxasok, eta berretsi du Exekutiboak konpromisoa duela etxebizitza horiek «azkar eta eraginkortasunez» egiteko.

«Anbizioak eta arriskuak hartzeak bakarrik jarriko gaituzte arrakastaren bidean», esan du sailburuak.

Gobernuak nabarmendu nahi izan du itzarmen horrekin bi erakundeek «urrats sendo bat» eman dutela «hiri-eredu inklusiboago bat finkatzeko bidean, non etxebizitza babestua eskuratzea politika publikoaren lehentasun bihurtzen den».