NAIZ

Irun eta Hendaia lotzen dituen Pierre Loti bizikleta eta oinezkoentzako ibilbidea, irekita

Irun eta Hendaia lotzen dituen Pierre Loti bizikleta eta oinezkoentzako ibilbidea irekita dago jada. 1,2 kilometroko luzera du, Plaiaundi kaletik abiatu eta Iparralde hiribidera iristen da.

Pierre Loti ibilbidea astelehen honetan inauguratu dute.
Pierre Loti ibilbidea astelehen honetan inauguratu dute. (IREKIA)

Irun eta Hendaia lotzen dituen Pierre Loti bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide berria erabili daiteke jada. Astelehen honetan inauguratu dute Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek, Irungo alkate Cristina Labordarekin batera.

Ibilbideak 1,2 kilometroko luzera du, Plaiaundi kaletik abiatu eta Iparralde hiribideraino –Ekoetxea ingurumen zentroaren ondoan– iristen da, eta Bidasoa ibaiko uren gainetik barrena doa, mikropiloteen gainean finkatuta dagoen egurrezko pasabide baten bidez. 3,5 metroko batez besteko zabalera du eta ia ez du aldaparik.

Pierre Loti bidearen lehen fasean, Adif-en trenbide plataformaren sarbideraino, obrak lehendik dagoen bide asfaltatuan oinarritu dira, haren zabalera handituz, bertan zeuden bermak erabiliz eta hesi berri bat ipinita. Bigarren fasean –trenbide plataformaren sarbidetik Iparralde hiribideraino–, oinezkoen eta bizikleten ibilbidea egin da badiaren ertzetik, eta hura inguratuz joan da Santiago zubitik gora dagoen bidegorriarekin lotu arte. Nazioarteko zubiak zeharkatu ahal izateko, egurrezko pantalan bat eraiki da, %6 eta %3 arteko aldapa leunekin, ibaiaren ohantzean sartutako mikropilotetan bermatuta.

Ibilbide berriaz gain, aparkaleku berri bat ere egin da parke ekologikoaren erabiltzaileen eta Plaiaundi Institutuaren beharrak hobetzeko. Ekoetxea ingurumen zentroaren aurrean kokatua, aparkalekuak ibilgailuentzako 32 plaza eta espaloi perimetralak dituen lorategi gune bat ditu, baita GI-636 errepidetik aparkalekuetarako sarreraren ondoan kokatutako bizikletentzako aparkaleku bat ere. Aparkalekuetan eta oinezkoentzako guneetan zoladura iragazkor eta begetalak erabili dira.

Proiektua Lakuako Gobernuak gauzatu du eta ‘Txingudiko badiaren inguruko naturaguneak berritu eta haien arteko konektibitatea hobetzeko plan gidariaren’ barruan kokatzen da, eta 3,4 milioi euroko aurrekontua izan du.

Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua

Mikel Jauregi Lakuako Industria sailburuak nabarmendu duenez, ibilbide berri hau «aurrerapauso bat da mugaz gaindiko ingurunean mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, oinez eta bizikletaz egiten diren ibilbideei lehentasuna emanez, eta Hondarribia, Irun eta Hendaia arteko lotura hobetuz. Klima aldaketari aurre egiteko, funtsezkoa da mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua; ibilgailu pribatuaren ordezko mugikortasun moduak sustatzeaz ari gara; azken batean, ‘emisio gutxiago’ dituen proiektu baten alde ari gara».

Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok bidegorri berriaren garrantzia nabarmendu du: «Horrelako azpiegiturak funtsezkoak dira automobilaren erabilera mugatzeko, emisioak murrizteko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko, gure hiriak biziberrituz eta komunitateen arteko loturak indartuz».

Cristina Laborda Irungo alkateak ere ildo beretik mintzatu da eta «mugikortasun jasangarriko eredu berriak bultzatzen» jarraitzeko beharra azpimarratu du. «Oinezko eta bizikletentzako konexio berri honek hainbat onura ekarriko dizkio hiritartasunari, ez bakarrik irundarrei, baizik eta Bidasoko eskualdeari, noski gure Hendaiako auzokideak barne, mugaz gaindiko izaera hori baita gure arteko adiskidantzazko loturak sendotzen dituena».