NAIZ

Ziklista baten heriotza eragin zuen istripua salatu eta «errespetua» eskatu dute Usurbilen

Aste honen hasieran, txirrindulari bat zendu zen Usurbilen, kamioi batek harrapatuta. Iñaki Pakea Tolosaldea LHII-ko zuzendariak galdu zuen bizia errepidean. Azken heriotza hau gaitzetsi eta errepidean «errespetua» eskatzeko mobilizazioa egin dute, Atxega jauregitik istripua jazo zen lekuraino.

Protesta ekintza egin dute Usurbilgo Atxega jauregiaren aurretik abiatu eta istripua gertatu zen lekuraino.
Protesta ekintza egin dute Usurbilgo Atxega jauregiaren aurretik abiatu eta istripua gertatu zen lekuraino. (Jon URBE | FOKU)

«Nahikoa da. Errespetatu txirrindulariak» lelopean mobilizazio hunkigarria burutu dute Usurbilen, aste honen hasieran errepidean istripuz hil zen azken txirrindulariaren omenez. Kamioi batek harrapatuta bere bizia galdu zuen Iñaki Pakea Ibarrako bizilagun eta Tolosaldea LHII-ko zuzendariak, 53 urte zituela.

Modu honetan, istripua gaitzetsi eta errepidean txirrindulariak errespetatzea exijitu dute, txirrinduz zein oinez eginiko manifestazioan. Minutu batzuz N-634 errepidea moztu dute, azken istripu hau eta beste hainbat gertatzen diren errepidea, hain zuzen ere.

Jende andana batu da, bai eta Usurbil eta Ibarrako udaletako ordezkariak ere. Pakea Realeko bazkide zen eta klub txuri-urdinak ere bat egin du aldarrikapenarekin.

Hiru egunetan, bi istripu

Aste hasieran, astelehenean, 14.00ak jotzear zirela, gertatu zen istripua, Bizkarreko zubi ondoan.  istripuz hil zen txirrindulari bat N-634 errepidean Bizkarreko zubi ondoan. Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu arren, ez zuten ezer egiterik izan. Ibarrako txirrindularia istripu lekuan bertan zendu zen. Ertzaintzak gertaera honen nondik norakoak argitzeko ikerketa abiarazi zuen berehala.

‘Pakea beti bihotzean’ leloarekin oroitu dute istripuan zendutako txirrindularia. (Jon URBE/FOKU)

Hiru egun baino gutxiagoan txirrindulariek izan duten bigarren istripua izan zen honakoa. Urrutira joan gabe, aurreko asteko larunbatean, martxoaren 1ean, hiru pertsona zauritu ziren bi autok eta txirrindulari batek N-634 errepidean, Aia parean, izandako istripu batean.

Larrialdi zerbitzuek hiru pertsona artatu zituzten bertan, eta adingabe bat ospitalera eraman behar izan zuten, zauri larririk gabe.