NAIZ

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak 0 dortsala sortu du Minbiziaren Aurkako Elkarteari Laguntzeko

Ostiralean aurkeztuko da Diego Garcia zenaren oroimenezko 32. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Bestalde, antolakuntzak maiatzaren 11n Donostian izango den Minbiziaren Aurkako 11. Lasterketan ere parte hartzeko ere gonbita luzatu die Maratoi Erdian parte hartzera doazen guztiei

Ostiralean aurkeztuko da Diego Garciaren Omenezko 32. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia.
Ostiralean aurkeztuko da Diego Garciaren Omenezko 32. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. (Juanan RUIZ | FOKU)

Diego Garcia zenaren oroimenezko 32. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia aurkeztuko da ostiralean. Nolanahi ere, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari laguntzeko helburuarekin, 0 dortsala sortu duela aurreratu du lasterketako antolakuntzak. Dohaintza egin nahi dutenek Rockthesport webgune berean izena eman ahal izango dutela ere azaldu du.

Horrez gain, maiatzaren 11n Donostian izango den Minbiziaren Aurkako 11. Lasterketan parte hartzeko ere gonbita luzatu die Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian parte hartzera doazen guztiei. «Kirola eta elkartasuna uztartzeko aukera paregabea» dela azpimarratu dute.

Bestalde, «Running Festaren» bigarren edizioa, zortzi kilometroko lasterketa motza maratoi erdiaren itzalean iaz sortutakoa, indarberrituta dator, trikitiaren eta kirolaren arteko lotura estua azpimarratuz. «Erromerian!» lelopean, Maratoi Erdiaren kulturaren eta atletismoaren uztartze berezia ospatu nahi du antolakuntzak.

Ohi bezala, Diego Garcia zenari egingo zaio omenaldia, 90eko hamarkadan «bide berriak ireki» zituelako. «Haren pasioak bizirik dirau eta aurten korrikalariek haren oroimenari gorazarre egingo diote», azaldu dute.

Hala, Azkoitia eta Azpeitiko kaleak festa giroz beteko dira, eta lasterketaren beraren zirrara erromeriaren alaitasunarekin uztartuko da, esperientzia ahaztezina sortuz, aldi berean, kirolaren eta euskal musika tradizionalaren arteko lotura nabarmenduz, antolakuntzaren arabera.