NAIZ

Gainkostua dela eta, Donostiako Metroaren obren kontseilua biltzea eskatu du EH Bilduk

Donostiako Metroan dagoen gainkostua dela eta, lan hauen segimendua egiten duen batzordea urgentziaz biltzea eskatu du EH Bilduk. Erakundeen partetik dagoen informazio falta salatu du talde honek.

Mirakontxa-Easo tarteko Donostiako Metroaren obrak.
Mirakontxa-Easo tarteko Donostiako Metroaren obrak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Metroaren obretan Mirakontxa eta Easo artean %162ko gainkostua izan dela jakin ondoren, lan hauen segimendua egiten duen batzordea urgentziaz biltzea eskatu du EH Bilduk.

Talde honek gogoratu duenez, araudiaren arabera Donostian Euskotrenek dituen obren jarraipena egiteko batzordea bi hilabetez behin bildu behar da. Azkena, ordea, 2024ko azaroaren 6an izan zen.

Gauzak horrela, EH Bilduren Donostiako udal taldeak formalki eskatu du batzorde horren bilera baterako deia urgentziaz egin dezala Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eta eman dezala gaiaren berri.

Aldez aurretik, koalizio abertzaleak galdera sorta aurkeztu zuen Gasteizko Parlamentuan Lakuako Gobernuko Susana Garcia Chueca sailburuak gainkostuari buruz informazioa emateko.

Informaziorik ez

Gainkostuaren berria zabaldu ostean «horren berri emateko obligazioa duten erakunde publikoek beren borondatez informaziorik eman asmo ez dutela» salatu du EH Bilduk.

Satorralaia gizarte ekimenak eman zuen %162ko gainkostuaren berri. Talde honek nabarmendu zuenez, Mirakontxa-Easo tarteko lanak 2017ko abenduan esleitu ziren eta «hasiera batean» 53 milioi euroko aurrekontua zuten. Orain, berriz, 140 milioi eurora igo da.

«Satorralaiak berak zehaztu duenez, joan den urtarrilaren 21ean Eusko Jaurlaritzak metroaren pasabidea eraikitzeko gastuei buruzko informazio eskaerari erantzunez egindako txosten batean jaso dute erantzuna, auzo mugimendua izanik datua publiko egin duena. Aurrekontu osoari dagokionez, Satorralaiak uste du egungo 232 milioi euroei BEZari dagokion %21 gehituta, kostua 280 milioikoa dela, 2016an onartutako proiektuaren informazio azterlanean jasotako gastua 172 milioikoa zen bitarten, BEZ barne», gaineratu du EH Bilduk.