NAIZ

Bera Bera faborito etiketarekin eta Beti Onak freskotasuna ipintzera doaz Kopara

Granollersen jokatuko da txapelketa, ostiraletik igandera bitartean. Donostiarrek azken bi edizioak irabazi dituzte eta Rocasa izango dute aurkari final-laurdenetan (16.00). Nafarrek, aldiz, lehen aldiz jokatuko dute azken fase hau eta beste faboritoa den Guardesen aurka lehiatuko dira (20.30).

Kopan jokatuko duten taldeen kapitainak, ostegun honetan Granollersen.
Kopan jokatuko duten taldeen kapitainak, ostegun honetan Granollersen. (SUPER AMARA BERA BERA)

Helburu ezberdinekin doaz Granollersen ospatuko den Kopako azken fasera Super Amara Bera Bera eta Replasa Beti Onak. Egia da biek, beste sei taldeekin batera, irabazteko helburu argiarekin doazela urteko hitzordu garrantzitsu honetara; baina hasierako sentsazioak guztiz ezberdinak dira.

Donostiarrek faborito etiketarekin hasiko dute txapelketa. Azken bi urteetako txapeldunak dira eta Imanol Alvarezen taldea beti da hautagai nagusia hitzordu honetan. Beti Onak-ek, berriz, lehen aldiz jokatuko du azken fase hau eta, beraz, ez du ezer galtzeko eta presioak ez luke kalterako izan behar. Are gehiago, azken lau partidetan berdinketa bakarra lortuta, «freskotasuna» lortzeko irtenbidea izan liteke.

Kopako azken fase hau ostiral honetan hasiko da. Bera Berak Rocasa Gran Canaria izango du aurkari (16.00, Teledeporte). Gipuzkoarrek ez lukete presioa nabaritu behar, txapelketa mota hauetan ohituta baitaude, baina Imanol Alvarez prestatzaileak adierazi duen moduan, «Kopa beste lehiaketa bat da».

Gainera, Bera  Bera Ligan hiru porrot jasota iritsiko da Granollersera. Horregatik, «lehen partidako lehen ekintzak oso garrantzitsuak izango dira, are gehiago gure egoeran», onartu du Ermuakoak Kopara abiatu aurretik.

Gogoratu behar da taldea martxoaren 3tik ez dela lehiatu, Eldaren aurka galdu ostean, eta horri buelta emateko momentu egokia da. Kopa honela definitu du Alvarezek: «Lehiaketa polita, oroitzapen onak sortzen dizkigunak».

Ostiral honetakoa Bera Bera eta Rocasaren artekoa hamargarren neurketa izango da Kopan. Kanariarren inguruan, Alvarezek esan du «talde ona da, jokalari beteranoekin», eta, beraz, Kopako lehen partida «zaila» izango dela iritzi dio. Haren ustez, talde bakoitzak «norberari erreparatuko dio, baina uste dut buruz prest egon behar dugula 60 minutu jokatzeko, kasu horretan partida zure alde jo daitekeelako».

«Une txarrak identifikatu eta minimizatu behar ditugu, eta min egin behar dugu aurkariak egoera horiek jasaten dituenean», adierazi du. «Final bat da, irabazi edo etxera joan».

Irabaziz gero, finalerdia larunbatean jokatuko luke talde donostiarrak, Elda eta Porriñoren arteko irabazlearen kontra. Denek jartzen dituzte Bera Bera eta Guardes finalean, baina pausoz pauso joan beharra dago.

Beti Onak, historia egiten jarraitzera

Finalerako bide horretan, Beti Onakek paper garrantzitsua joka lezake. Izan ere, nafarrek Guardes Ligako liderra –13 partida jarraian irabazi dituena– izango dute aurkari ostiral honetan (20.30). Atarrabiakoek lehen aldiz jokatuko dute fase hau, eta horrek indar extra bat emango die ziur aski.

Ligan iragan urtarrilaren 18an ikusi zuten elkar Beti Onakek eta Guardesek. Galizian jokatutako neurketa hartan, nafarrek asko zaildu zizkieten gauzak galiziarrei, etxekoek 22-21 irabazi baitzuten. «Errore gutxi egin behar dira eta diziplina handia eduki behar da. Horrela bakarrik jarraitu ahal izango dugu aurrera txapelketan. Oso partida exijentea izango da», aurreratu du Ana Seabra Guardeseko prestatzaile portugaldarrak.

Libe Arruabarrena Beti Onakeko jokalariak azpimarratu duenez, «taldeko jendeak ilusio handia du, ia inor ez da honelako lehiaketa batean egon, eta egon direnak oso ondo hitz egiten dute lehiaketa honetaz. Oso gogotsu goaz».

Ligako partida nola joan zen ikusita, Arruabarrenak uste du «aukerak badaudela eta ahal den hoberen egitea joango gara. Badakigu aurkari nahiko zaila dela, Ligan oso ondoa doaz eta dinamika oso on batean. Baina Kopa gauza ezberdin bat da».

Beti Onaken bolada txarraren aurrean, haien dinamika onenean ez daudela onartu du gipuzkoarrak, baina gogoratu du «lehen itzulia oso ondo bukatu genuela. Kopak beste freskotasun bat emango digu eta dinamika horretatik ateratzeko bide bat izango da».

Final-laurdenetako beste neurketak hauek dira: Elda-Porriño (13.00) eta Granollers-Morvedre (18.15).